Ordu erdiko mahai-ingurua egingo dute alkateok. Emakume izateak euren lanean eraginik izan duen eta ze eragin izan den aztertuko dute. Gero, eurekin batera bisita gidatua egingo dute. "Agintaldi honetan lehenengo aldiz ditugu hiru emakume alkate Debagoienean, eta iruditu zaigu polita izango zela hori nola bizi duten azaltzea", esaten du Ekineko eragile Tamara Perezek.
Erakusketa zabalik izango da bihartik hilaren 25era arte. Martitzenetik domekara bitartean bisitatu ahal izango da, 17:30etik 20:30era arte. Eta merezi du: izan ere, Debagoieneko herri guztietako biztanleek utzitako 200 bat argazki dira, eta 1890etik 2011ra arteko irudiak dira. Bi multzotan banatuta daude: lehenengo, 1970era artekoak; eta gero, 1971tik aurrerakoak. Bukaeran, Ekin Emakumeen zenbait argazki daude, eta norberak bere iritzia edo gogoetak uzteko panel bat eta objektu interesgarri batzuk, tartean, kumatxo zahar bat. Argazkiak 50 herritarrek utzitakoak dira, eta Bergarako Indalecio Ojanguren fondoko asko ere badaude. Baina guztietan, herriko emakumeak dira protagonistak.
Gaika ere banatu dituzte argazkiak: aisialdia, ospakizunak, etxetik kanpoko lana, etxeko lana eta familiaren ardura, eta hezkuntza.