Zapatuan, hilak 12, 10:30ean zabalduko ditu ateak Musakolako San Antolin ikastetxe ondoko eraikin urdinean Txatxilipurdiren ludoteka ibiltariak. Bigarren asteburu honetan, natura izango da gaia eta naturako elementuekin eskulanak eta jolasak egingo dituzte gaztetxoek. "Gerturatzen diren guztiei, naturatik jasotako edozein elementu ekartzeko gonbitea egin nahi diegu; harriak, egurrak, hostoak, pinaburuak, hondartzako area, txirlak, txorien lumak... ondoren, ekintza desberdinak egin ahal izateko. Loreak landatuko dituzte lorontzi luzexka batean edo bitan eta ondorengo asteburuetan zaindu ostean, Musakola auzoko azken asteburuan, otsailaren 26an, ludoteka ibiltarian parte hartu dutenen artean zozketatuko da edo dira", adierazi dute Txatxilipurditik.
Ludoteka ibiltariko lekua eta ordutegia pasa den asteburuko berbera izango da: San Antolin ikastetxe ondoko eraikin urdinean, goizeko 10:30etik 12:30era 3-12 urteko umeendako eta 12:30etik 13:30era 1-8 urte bitartekoendako, beti ere guraso edo heldu baten laguntzaz.