Arrasaten ez da kutsadura-txapel arazorik

Ubane Madera 2011ko otsailaren 9a

Egunotan bagabiltza entzuten Estatuko hiriburu handietan, Madrilen eta Bartzelona, airearen kalitatea oso txarra dela; kutsadura txapela dutela bi hiriek egunotan, bereziki eguraldi ona dagoelako. Bada, Arrasateko airearen kalitatea ona da. Are gehiago, bi urtetik ona hobekuntza nabarmena igarri dute airearen kalitatean.

Orain urte batzuk, zoritxarrez, Arrasatek ere, urteko egun dezentetan, gainditu egiten zuen airean suspentsioan dauden partikula kopurua, PM10 izeneko partikula kopurua, eta partikula horiek arnas aparatuarengan eragin kaltegarria izaten dute.

Bada, albiste onak eman dizkigute udaletxetik, ze egoera aldatu egin da Arrasaten. Udaleko Ingurumen Sailetik emandako informazioaren arabera, azken urteotan asko hobetu da hemengo airearen kalitatea.

Harrobia itxita, eta AP1 autobideko lanak bukatuta

Arrazoi nagusiak bi izan direla aditzera eman digute: bata da azkeneko bi urteotan San Josepe harrobia itxi egin dutela, eta bestea da bukatu egin dituztela AP1 autobideko lanak. Eta bi arrazoi horien artean, bereziki harritu du Udala San Josepe harrobiaren itxierak eragindako hobekuntza airearen kalitatean.

58 egun gehiago onak

Datuak ere eman dizkigute, esanguratsuak, gainera. Airearen sufrea, monoxido karbonoa, ozonoa eta PM10 partikulak neurtuta, 2005ean, urteko 149 egunetan ikusi zuten udalerriko airearen kalitatea ona zela. 2009an, berriz, egun on horien kopurua igo egin da 207ra, “eta gainera gainerako egunak ez ziren txar-txarrak izan, ze egun batean ere ez zen gainditu legeak ezartzen duen baremoa”, adierazi du Nerea Lazpiurrek, Ingurumen Saileko teknikariak.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak