Zuzenekoa eskaini du Numen taldeak Parisko Moulin Rouge aretoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko otsailaren 8a

Numen taldeak Parisko Moulin Rouge areto entzutetsuan jo zuen joan zen urtarrilaren 23an. Hainbat urte eskenatokietara igo barik egon ondoren, arrasatearrek 'Cernnunos Pagan Festival' aukeratu dute euren itzulerarako.

"Jaialdiko antolatzaileak jarri ziren gurekin kontaktuan, hiru bat hilabete lehenago. Jaialdian jotzeko aukera geneukala esan ziguten", azaldu digu Lander Olazabalagak taldekideak.

Mundu guztiko taldeak

"Metal pagano jaialdia da Cernnunos", azaldu du Olazabalagak. Mundu guztiko taldeak aritu ziren Moulin Rouge aretoan: Mael Mordha irlandarrak, Skyforger letoniarrak, Bran Barr frantziarrak, Finterfrost alemaniarrak, Fjed suediarrak, Odroerir alemaniarrak, Ataraxia italiarrak, Skyforger letoniarrak eta Numen arrasatearrak. 
Urtarrilaren 23an, domeka izan zen jaialdia. "Eguerdian hasi zen eta gauera arte iraun zuen. Egia esan, denbora gutxi izan genuen gure kontzertua emateko, ordu erdi inguru", azaldu du Olazabalagak Parisko kontzertua gogora ekartzean. Hala ere, Arrasateko taldea "gustura" geratu zen eskainitako kontzertuarekin. "Esperientzia polita izan da, eta taldea berriz ere martxan jartzeko aitzakia itzela", dio.

Abesti berriak jo zituzten

Lau urte dira zuzenekorik egiten ez zutela; izan ere, bateria jole barik geratu ziren arrasatearrak. Hala, bateria jole profesional bat hartu dute kontzertuetarako: Alfred Berengena kataluniarra. Olazabalagak azaldu digu ondo moldatu zela Berengena Parisen. Batez ere abesti berriak jo zituzten Pariseko kontzertuan. Baina, oraingoz, diskoa grabatzeko asmorik ez dutela gaineratu du.

Hilaren 26an, Durangon

Hurrengo kontzertua hilaren 26an eskainiko dute Durangoko Plateruena kafe antzokian, 22:00etan. Landerrek azaldu du oraindik ez dakitela Debagoienean joko duten: "Kontzertuak egin ahal izateko dirua jarri behar dugu gure poltsikotik; hortaz, joko dugu aukera ona dela uste dugun tokietan bakarrik", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak