Otalora kalearen noranzko bat erabilgarri dago

Ubane Madera 2011ko otsailaren 8a

Agindutakoa bete, eta hasi dituzte asfalto lanak Otalora Lizentziaduna kalean. Hasierako zatian dabiltza, justu Maalako biribilgunetik Kulturate ondorainokoan. Goizean Ferixaleku alboko errepide zatiko zoladura kendu dute, eta orain hasita Correos ondoko errepide zatira pasa dira langileak. Hori horrela, eguerdi partean, behintzat, Bergarako noranzkoan posible izango da autoan Otaloratik Maalara joatea.

Errepideko zoladura zaharra kendu, eta gero hasiko dira zoladura berria botatzen; bien bitartean, posible da, txandaka, Otalora kaletik automobilez pasatzea. Hori bai, argazkiak erakusten duen moduan, tarteka sortu izan dira auto-ilarak, txikiak izan arren, zirkulazioa bideratzen dabiltzan udaltzainen etsipenerako: “Nahiko trankil gabiltza, baina hori bai, gidari askok eragozpenak besterik ez dituzte eragiten”, kontatu dute. Beraz, eta Udaltzaingoaren gomendioari kasu eginez, zuzenena da egunotan bide alternatiboak erabiltzea. Bestela, Maalara bertara iritsi ostean, Garibai etorbidetik dabiltza une honetan zirkulazioa desbideratzen.

Autoak kendu, aparkalekuetatik

Datozen egunotan, Otalora kalean barrena segi egingo dute asfalto lanek. Bihar, San Frantziskoko biribilgunetik Monterronerainoko zatian egingo dituzte lanak. Horren harira, komeni da datozen orduotan erretiratzea albo bietan aparkatuta dauden automobilak. Seinaleak ipinita daude.

Monterron-Muxibar

Eta lanak bukatzeko, etzi, eguena, Monterronetik Muxibarrera arteko zatian bideko zuloak kenduko dituzte, Otalora kalean eta Zarugalde kalean, bietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak