Iban Velasco: "Aurrera egin gurako nuke eta, noski, etaparen bat irabazteko lehiatu"

Ander Monedero 2011ko otsailaren 10a

Iban Velasco txirrindulari arrasatearrak denboraldia pretatzen dihardu. Dagoeneko egin du lehenengo proba, Australian. Bada, denboraldia ilusioarekin hasi duela adierazi digu. Hemen duzu elkarrizketa.

Euskaltel-Euskadi taldekook Arantzazura joan zineten otsailaren 2an, laguntza eskatzera. Beharrezkoa da zuena bezalako lanbide baten?
Laguntza izatea beharrezkoa da, gure lanbidean zorte ona izatea ezinbestekoa da. Ziklismoan, lesioek errespetatu egin behar zaituzte denboraldi polita egiteko.

Taldearentzako leku esanguratsua da Arantzazu. Izan ere, orain dela 18 urte taldea aurkeztu zuten lekua da.
Ni gaztea naiz eta ez nekien taldea lehenengo aldiz hemen aurkeztu zena. Polita da taldearen jatorrira berriz ere etortzea.

Otsailaren 3an aurkeztu zenuten taldea, Donostian, baina dagoeneko denboraldia prestatzen hasi eta Australiako Cancer Council Helpline Classic lasterketan parte hartu duzue. Nola joan da?
Nahiko ondo; oraindik denboraldi-aurrea da eta ez dut sasoia guztiz hartu. Australian uda da eta 40 graduko tenperatura izan genuen lasterketan. Hotzarekin baino hobeto nabil ni beroarekin, baina oraindik sasoia lortzeko lanean jarraitu behar dut. Nire helburua da apirilean Euskal Herriko Itzulirako eta Tirreno-Adriatikorako sasoian egotea.

Txirrindulariek sasoia hartzeko eta txapelketa erritmoa hartzeko probak dira Australian jokatutakoa bezalakoak?
Bai, horretarako balio dute. Orain garrantzitsuena kilometroak egitea da, txapelketa nagusiak etortzen direnerako sasoiko egoteko.

Orokorrean, zer moduz egon da taldea Australian?
Oso ondo. Adibidez, Gorka Izagirre oso ondo ibili da eta esprint berezien saria eskuratu du. Pena da denboraldiko lehenengo proba izatea; izan ere, gogortasun txikia egon da eta esprinterrek erraz irabazi dute.

Australiako 40 graduetatik hemengo ia 0 graduetara pasa zara. Zer moduz aldaketa?
Nik oso gaizki jasaten ditut aldaketak. Alde batetik, jet lag-a izan dut; eta, bestetik, nahiz eta aurten euri gutxi egin, eguraldi hotzak ez du laguntzen.

Aurten zein lasterketatan parte hartuko duzu?
Lehenengoa Australiakoa izan da, aste honetan Mallorcara goaz eta ondoren Frantzian lasterketa baten parte hartuko dut. Horren ostean, egutegi gogorra dator: Tirreno-Adriatiko, Nazioarteko Kriteriuma, Lizarrako lasterketa, Euskal Herriko Itzulia, Amstel Gold Race, Fleche-Wallone eta Liege-Bastogne-Liege egingo ditut. Gero, eten bat egingo dut eta ondoren, Dauphine-Libere eta Frantziako Tourra egingo ditut.

Noiz izango dugu Iban Velasco onena ikusteko aukera?
Iaz Euskal Herriko Itzuli polita egin nuen eta aurten errepikatu egin gurako nuke. Apirilerako %100ean egotea espero dut.

Frantziako Tourra ere berezia izango da.
Bai oso berezia. Liege-Bastogne-Liege lasterketaren ostean etena egingo dut. Ordurako hanketan kilometro asko izango ditut, eta atseden hartzeko momentu egokia dela uste dut. Gero, lasaitasunez, Frantziako Tourra prestatuko dut eta espero dut han ere %100ean egotea.

Zein da Tourrerako duzun helburua?
Samuel Sanchezi laguntzea da helburua. Hura da taldeko liderra eta ahalik eta goren egoteko taldekideon laguntza ezinbestekoa da. Baina horrek ez du esan nahi beste taldekide guztiek ez dugunik aukerarik izango, zertarako gai garen erakusteko leku paregabea da Frantziako Tourra.

Zure lagun Markel Irizarrek ere Tourrean parte hartzeko aurretiko hautaketan sartu da. Gurako zenuke harekin lehiatu?
Biok batera Tourrean lehiatzeko aukera izatea oso pozgarria izango litzateke. Oraindik ez dakigu parte hartuko duen edo ez, baina bai, gurako nuke harekin batera Tourrean lehiatu.

Taldeak Italiako Giroa eta Espainiako Itzulia ere egingo ditu. Bietan Igor Anton izango da taldeburu. Nola ikusten duzu?
Italian Igor Antonekin batera Mikel Nieve izango da taldeko buru eta biek Giro polita egiteko aukerak dituzte. Espainiako Itzuliari dagokionez, berriz, oso menditsua da, Igor Antonentzat aproposa.

Urteak pasa ahala, mendiko etapetan batez ere, aurrean ibili zara, onenen artean. Aurten urrats bat aurrera egin eta etaparen bat irabazteko borrokatuko zara?
Hori da nire helburua. Aurrera egin gurako nuke, saltoa ematea, eta aurrekoekin bakarrik ez, etaparen bat irabaztea ere ondo egongo litzateke. Edozein etapa irabazi gurako nuke. Euskal Herriko Itzulia, etxean izanda, berezia izango litzateke.

Euskaltelen aldaketa asko izan dira. Nola ikusten duzu taldea?
Beñat Intxaustiren baja garrantzitsua da, talderako txirrindulari garrantzitsua zen, baina lehiakorra den jende asko etorri da eta denboraldi polita egingo dugula uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak