Taularen gainean ere, ez-ohiko irudia: bost emakume, eskuetan gitarrak, bibolina, kaxa-flamenkoa, xilofonoa eta musika kaxa gorri bat. Ain_1 taldeko kideak ziren Musika kaxa proiektu berria aurkezten. Taldearen aurreko proiektuan moduan (Gure abestiak iristen da leku guztietaraino) oraingoan ere, musika, poesia eta dantza uztartzen dituzte.
Ainara Kortabarria kideak saioaren aurkezpenean azaldu moduan, lehenengo aldia zen taldeko bost kideak, guztiak, elkarrekin eskenatokian zeudela eta ikusleei saioan parte hartzeko gonbitea egin zieten saioaren hasieratik: Mandragora edatera gonbidatu zituen, trukean, banatutako paper gorrietan musika kaxan zer sartuko zuten idaztera gonbidatuz. Saioaren amaieran irakurri zituzten, entzuleek idatzitakoak, horien artean honakok; errespetuzko komunikazioa; anaitasuna; ahotsak, malkoak, eta hainbat kontu; musutxo bat...
Saio indartsua eta betea
Saio lasaia, besteko indartsua eta, era berean, osoa, konpletoa, horrelako hitzekin deskribatu zuten saioaren amaieran entzuleek entzun eta ikusitakoak. Gustura ziren guztiak; baita Ain-! taldeko kideak ere (Itsaso Navaridas; Amaia Pavon; Ainara Kortabarria; Maialen Madariaga eta Iraitz Agirre). Agirrek saioaren bukaeran kontatu zigun moduan, nabarmen da, taldekideak elkar ondo ezagutzen dutela eta lehenago zituzten beldurrak eta lotsak atzean geratu direla, Mandragora edabeak ere ba omen du horretan zerikusia; lehenago saioaren erdi aldean erakusten zuten botila, orain berriz hasietarik dabil botila eskutik eskura.