Alderdiz alderdi errepasoa eginez, Arrasateko Udaletxean duten ordezkaritzaren arabera, honako hauxe aurreratu diote GOIENAri herriko alderdi politikoetako ordezkariek:
Enrike Letona (ezker abertzalea): "Diagnostikoa aurkeztu berri dugu, 60 bat lagunen aurrean aurkeztu genuen. Ekarpenak jaso genituen eta taldeka landu. Hurrengo urratsa programa zehaztea izango da, eta zerrendak aurkeztea. Asmoa da programa martxoa bukaerarako amaituta izatea. Bestalde, oraingo astean inkesta bat banatu behar dugu etxez etxe, nazio mailako inkesta izango da, baina Arrasaten ere banatuko dugu etxe guztietan, eta haren emaitzak jasotzeko postontziak jarriko ditugu herriko hainbat puntutan (jakinaraziko dugu non izango diren); web orria ere abiarazi behar dugu".
Haritz Arrieta (PSE-EE): "Datorren otsailaren 15ean aurkeztu behar dugu zein izango den Arrasateko alkate izateko hautagaia. Kulturaten egingo dugu prentsaurrekoa horretarako, eta gure alderdiko ordezkariek parte hartuko dute. Baliteke ni izatea alkategaia, baina baliteke, baita ere sorpresaren bat izatea".
Luis Mari Apraiz (EAJ): "Zerrendak osatzeko kontaktuak egiten dabiltza, baina oraindik itxi barik daude. Esan nezakeena da neu ez naizela alkategai izango, beste etapa bat hasiko delako nire kasuan".
Ander Rodriguez (Alternatiba-Zutik): "Oraindik goizegi da. Momentuz gure lana oinarritzen da gorputz politikoa eta proiektua osatzen. Edo hobe esanda, berriro ere osatzen, izan ere, Arrasaten badugu Zutik-ekin orain arte egindako lana komunean, eta lan horrek etorkizunerako bokazioa dauka".
Pello Urizar (EA): "Zerrendak osatzeko prozesua zabalik dago, baina Arrasateko batzarretik pasa barik dago oraindik. Dena den, jendearekin berbetan bagabiltza, zerrendak osatzeko. Hori bai, zailena beti izaten da jendea topatzea. Bestalde, ezker abertzalearen prozesua aurrera doa. Estatutuak orain aurkeztuko dira, eta horrek, berez, balio beharko luke zerbait argitzeko. Gure borondatea da ilusiozko zerbait lortzea, baina, jakina, ez dago gure esku. Ondorioz, hobe bakoitzak bere lana egitea, gero errazagoa izango da-eta azkeneko erabakia hartzea".
Joxe Etxeberria (Aralar): "Momentuz erabakita daukaguna da aurkeztu egingo garela, eta neu izango naizela zerrendaburu. Hortik aurrera zerrendak osatzeko lanean gabiltza, eta programa eztabaidatzen ere bai. Programa orokorrarekin hasi gara eta Arrasaterako falta egiten duena ere zehaztuko dugu".