08:00etako meza entzun, Horazio Argarate parrokoaren bedeinkapena jaso, "Caritasi ematen diozue jasotzen duzuen guztia. Eske ona izan dezazuela, krisi garai honetan eta alaitasuna eraman dezazuela baserri eta etxeetara", eta parrokian bertan aurreneko kantu-eskaintza Ageda zaindariari egin ostean, bi taldetan banatu eta batzuk Musakola aldera, beste batzuek Bedoña aldera, herriko auzo eta baserrietan egingo dute kantuan eta eskean datozen orduotan.
Eguerdian, udaletxean
Eguerdi partean elkartuko dira atzera ere bi taldeok udaletxe aurrean, 13:00-14:00ak aldera, kantuan egin eta gero bazkaltzera joateko: “baba-jana sakramentu guztiekin”, kontatu dutenez.
Iluntzean, erdigunean
Edozelan ere, bazkaloste motza egin beharko dute, arratsaldean ere badute-eta jarduna, 19:00-20:00ak ingurura arte. Iluntze parte horretan elkartuko dira berriro ere guztiak erdigunean, Portaloian, eta kalez kale ibiliko dira azkeneko kantuak egiten. Gero, ondo merezitako afaria emango diete Alkartetxean.