Ain_1 taldeko neskek musika kaxan gordetakoak aterako dituzte gaztetxean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko otsailaren 4a

Musika, poesia, dantza, antzerkia... uztartuko dituen ikuskizuna eskainiko dute gaur Arrasateko Gaztetxean Ain_1 taldeko neskek. Urtebete da kontzerturik eskaintzen ez dutena; urte honetan, batez ere, abesti berriak sortzen ibili dira. Hain zuzen, 'Musika kaxa' proiektu berria da gaur 22:00etan hasita eskainiko dutena.

Proiektu berria orain arte egin dutenaren jarraipena den edo ez galdetuta, Iraitz Agirre taldekideak azaldu du oraindik ezin dutela hori baloratu: "Kontzertuaren ondoren jendearekin egoteko gogoa daukagu proiektua zer iruditu zaien jakiteko". Agirrek azaldu du, alde batetik, eurendako aldaketa izan dela Musika kaxa proiektua: "Sorkuntza zerotik hasi dugu; abestien letrak eta musikak huts-hutsetik hasi ditugu". Gainera, euren abestietan flamenko kaxa sartzeak indarra ematen diela uste du.
Bestalde, abestietan melodia melankolikoak gailentzen direla uste du: "Orain arteko abestien tonu antzerakoa", azaldu du. Horregatik, kontzertuko sentsazioak ikusi gura dituzte.

Objektu femeninoa

Proiektu berrian hainbat gai landuko dituzte, eta musika kaxa nonahi egongo den objektua izango da. "Guretzat esanahi handia duen objektuak da. Metafora bezala balio du; izan ere, bakoitzak bere gauzatxoak sartzen ditu musika kaxa batean. Gainera, oso objektu femeninoa da", zaldu du Agirrek.
Bost lagunek osatzen dute taldea: Maialen Madariagak kaxa flamenkoa jotzen du; Amaia Pavonek biolina; Ainara Kortabarria eta Iraitz Agirrek gitarra eta ahotsa; eta, Itsaso Navaridasek dantzan egiten du.

Myspace webgunean euren txokoa sortu berri du taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak