Arrasateko herrigunetik Garagartzara arteko bidea oinez egitea lehen baino zailagoa da orain. Mendebaldeko saihesbidea egin zutenean, hau da, Olandixoko tunela egin zutenean biribilgune bat egin zuten Garaia Berrikuntza Gunearen eta Markulete industrialdearen artean eta ibilgailuek ez ezik oinezkoek ere biribilgune horretatik igaro behar dute ezinbestean; lehen ordea, oinezkoek ez zuten zertan errepidera irten.
Proiektuaren arduradunak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, bazekien tunela zabaldu baino lehen oinezkoek ibilbide hori egiten dutela eta alternatiba moduan errekaren eskuma aldetik bidegorria egin zuen Arrasate eta Garagartza lotzeko. Baina bidegorri horrek ez du helburua bete, izan ere, industrialdeko langile, Garaiako jatetxeko bezero zein oinezko askorentzat oso urrun dago bidegorria hartzeko lekua.
Horregatik Diputazioak Udalaren eta oinezkoen eskariak entzun eta biribilgunea inguratzen duen espaloia egitea onartu du. 2 metro t’erdiko zabalera izango du eta atzo hasi ziren egiten. Horrela, lanok bukatzerakoan, Garaia eta Mendigain baserria zebrabide batek lotuko ditu eta beste batek Mendigain eta Markulete industrialdea.
Herritarrek pozik hartu dute erabakia, nahiz eta askorentzat oinezkoentzako egokitzapena biribilgunearekin batera egin beharreko lana izan.
Errepideetako zuzendari Luis Mari Apraizek adierazi du espero dutela lanak hiru astetan bukatuta egotea.