Udal hauteskundeetara begira Herri Programa lantzen ari da ezker abertzalea

Arritxu Barruso 2011ko urtarrilaren 30a

2011 urtea "berria eta ilusionagarria" da ezker abertzalearendako, "hamaika aukera zabaltzen dituen urtea". Hori horrela, eta udal hauteskudeeetara begira, herritarrekin batera Herri Programa sendoa garatu  nahi dute. Zapatu goizean Herri Programan lanean jardun duten lantaldeak batu ziren Kulturateko areto nagusian azken asteetan egindako diagnostikoak aurkeztu eta osatzeko.

Udal hauteskundeetarako Herri Programa osatzeko "abertzale, ezkertiar eta independentistei" parte hartzeko deia luzatu die ezker abertzaleak. Zapatu goizean egindako agerraldian azaldu zuten indarrak batzea ezinbestekoa dela: "Bizi duguna ez da eredu ekonomiko baten krisia; krisi politikoa da, soziala, baloreena. Ez da kasualitatez sortua gainera, baditu interes eta arduradun batzuk ere. Ilundu nahi dizkiguten bazterrak kolorez margotu nahi ditugu. Herritarrok gara aldaketa horren ahotsa eta ahots hori jasotzeko bideak jarriko ditugu".

Herri Programa garatzeko hamar lantalde osatu dira: Euskara, Hezkuntza, Kultura, Ongizatea, Gazteria, Emakumeak, Kirola, Hirigintza, Ingurumena eta Enplegu eta Garapen Ekonomikoa. Tantalde horiek egindako diagnostikoak aurkeztu zituzten zapatuan Kulturaten egindako bileran, eta proposamenak ere hasi ziren jasotzen: "Gaur bertan hasi gara proposamenak jasotzen, baina orain otsailera bitartean herritar guztien proposamenak jaso nahi ditugu. Datozen asteetan emango dugu horretarako ipiniko ditugun bideen berri".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak