Liga erregularra amaitzen denean –hiru jardunaldi geratzen dira– hurrengo fasera sailkatzen ez diren taldeek ez diote txapelketari agur esango, orain arte gertatzen zen moduan. Ez, B ligan jokatuko dute. Hau da, lehenengo zortzi sailkatuek Zaldibarko txapelketa nork irabaziko duen erabakitzeko jokatzen jarraituko dute (A liga deituko da aurrerantzean) eta fase horretatik kanpo geratu direnek liga paralelo bat jokatuko dute, B liga deiturikoa: "Inor txapelketatik kanpo geratu ez dadin", adierazi dute antolatzaileek.
Kopan ere aldaketak
Eta aldaketak egiten hasita, antolatzaileek Kopan ere berritasunak egin dituzte. Hala, bigarren txapelketa horri bizitasuna emateko, Kopa osoa bi asteburutan jokatzea erabaki dute. Bi jardunaldi horiek liga erregularra amaitu bezain pronto jokatuko dituzte taldeek, eta ondoren hasiko dituzte A eta B ligak. Txapelketa hauen nondik norakoen gainean informazioa, eta asteburuko jardunaldiaren berri, hemen.
Joan den asteko jardunaldiari dagokionez, Dribling izan zen asteburuari etekin handiena atera ziona, jokatutako bi partiduetan lau puntu batu ostean, sailkapeneko lehenengo postura egin zuelako salto, Lasagabasterri aurrea hartuta. Hala, adi datozen asteotako jardunaldiei, txapelketako aurrealdeko postuetan aldaketa handiak egon daitezke-eta. Hiru puntuko tartean sei talde daude borrokan, eta asteburuan, esaterako, Lasagabasterrek eta Ekaitzek, McAwenDauenek eta Ciprisek eta Iriztuk eta Driblingek jokatuko dute elkarren kontra.