Lobo elektriko gaztetxean

Mirian Biteri 2011ko urtarrilaren 26a

Kooltur Ostegunak ekimenean rock-and-rolla izango da nagusi gaur gauean. Tolosako Lobo Electrico taldeak kontzertua eskainiko du gaztetxean, 22:00etan.

Urteak daramatza Lobo Electricok musika egiten, 1999an sortu zen-eta. Partaidetako batzuek 80ko eta 90eko hamarkadetan Ruido de Rabia taldean jo zuten. Hain justu ere, Shanti Iribar abeslariak (Dr. Magma), Jorge Sanz baxu-jotzaileak (Perrolobo), Iker Lopez gitarristak (Iki Peligro) eta Iñaki Alberdi bateria-jotzaileak sortu zuten taldea. 2000ko abenduaren 23an eman zuten lehen kontzertua. Urtebete inguru handik eta hemendik ibili ostean, Iñaki Alberdik taldea utzi eta haren ordez Lander Zabaltza sartu zen.

'¿Has visto al lobo eléctrico?'

2002ko urtarrilean lehen grabazioa egin zuten, Oztopo guztien gainetik Bonberenea disko bildumarako. Handik bi urtera, Mikel Biffsen laguntzaz, single bat grabatu zuten, El lado salvaje del corazón eta Demonios sofisticados abestiak jasotzen zituena. Urte berean, 2004ko udan, ¿Has visto al lobo eléctrico? izeneko lehen lan luzea grabatu zuten, Karlos Osinagaren gidaritzapean.

Esandako diskoa kaleratu ostean kontzertu asko eman zituzten; tartean, Japoniatik hamar eguneko biratxoa egin zuten, eta Madril, Bartzelona eta Zaragozan ere eskaini zituzten kontzertuak.

2005eko udazkenean, baterian aldaketak egon ziren ostera ere. Lander Zabaltzak taldea utzi zuen  eta haren ordez Iñaki Guanche hasi zen bateria jotzen. Euskal Herriko rock talde askotan ibilitakoa zen Guanche.
Ordutik hona taldeak ez du atsedenik hartu. 2008an, Fantasma eta Luna roja abestiekin binilo-single bat kaleratu zuten; eta joan den urteko irailean, Artefactos mágicos izeneko bigarren lan luzea argitaratu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak