Xaboi artisauen tailer hau hirugarrena izango da. Iaz 2 egin zituzten, eta jendearen parte-hartze eta interesa ikusita, 2011rako saio berri bat antolatzea erabaki dute Bedoñako auzotarrek.
Aurreko bi taldeetan parte hartu zuten kideek oinarrizko xaboia egiten ikasi zuten lehenengo, etxean izaten dugun erabilitako olioa eta sosa kaustikoa nahastuz. Oinarrizko xaboi horri bestelako belar, landare, buztin etab. gehituz, erabilera desberdinetarako xaboiak ere egin zituzten gero.
Lehortzeko prozesuak hilabete eta erdi irauten du. Hori dela eta, 3. saio honetara lehen parte hartu zuten kideak ere etorriko dira beraien xaboiak jaso eta dituzten galdera eta zalantzak irakaslearekin argitzera. 12:30ean dute horretarako hitzordua ikasle ohiek.
Zapatuko tailerrean parte hartzeko izena hilaren 26a baino lehen eman behar da telefono zenbaki honetan: 695565033.