Hori erakusten dute Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren datuek. Aurtengo urtarrilaren 3an eguneratutako datuak dira, hain justu.
Nahiago erosi, eta berria
Horien arabera, oraindik ez ditugu azken urteotako ohiturak aldatu, eta jendeak nahiago du etxebizitza erosi errentan hartu baino. 229 lagun gehiago daude etxebizitza erosi gura dutenen zerrendan sartuta.
Eta erosi gura duten horien artean, gainera, gehienek gura dute etxebizitza berria izan dadila: %98,64k. Etxebizitza tasatua da, berriz, eskaera gutxien duena.
35 urtetik beherako gizona
Arrasaten etxebizitza eskuratu gura duenaren profila, berriz, pertsona bakarra, gizonezkoa eta 35 urtetik beherakoa da. Alde dezentekoa dago, gainera, sexuen artean: 778 gizonezko daude zerrendetan eta 602 emakumezko; beraz, 176 gizonezko gehiago.
Bizikidetza unitateari begiratuta, berriz, etxebizitza eskatzerako orduan bakarrik daudenen artean, eta hurrengo multzoaren artean ere bada alderik. 1.290 dira bakarrik joan gura dutenak, 141, berriz, bikoteak edo 115 biko edo hiruko taldeak.
Bostetik gorakoak dira gutxien: 37 eskatzaile.
12.000-22.000 euro
Bestalde, datu ekonomikoen artean ere bada desberdintasunik. Etxebiden izena emanda dutenen artetik gehienek 12.000 eta 22.000 euro arteko diru sarrerak dituzte. Hurrengo datoz 22.000 eta 28.000 euro artean kobratzen dutenak, gero 28.000 eta 35.000 euro artekoak eta haien atzetik datoz 35.000 eta 45.500 euro arteko diru-sarrerak dituztenak.
Deigarria da, bestalde, badaudela 3.000 euro baino gutxiago kobratzen duten eskatzaileak: 58.
Bizigune
Horiek dira, esandako moduan, Etxebiden izena emanda dutenen datuak, baina Arrasaten bada etxebizitza merkaturatzeko beste bide bat: Bizigune.
Kasu horretan, Eusko Jaurlaritzaren ekimena da, baina Arrasateko Udaletik bideratzen da zerbitzu horren kudeaketa.
Biziguneren bitartez, etxebizitza eskuratu ahal da errentan hartzeko, baina baita norbere etxebizitza errentan jarri.
Bada, horien kasuan, Arrasaten 51 etxe-jabek dituzte euren etxebizitzak Bizigunen sartuta, batzuk errentan daude dagoeneko eta beste batzuk errentan emateko prozesuan.
Edozelan ere, Bizigune programak geldialdia izan du legealdi hasieratik, 2010eko udaberrira arte. Orduantxe hasi zen Jaurlaritza atzera ere Bizigune lantzen. Eta harrezkero beste 16 espediente onartu dituzte Arrasaten. Oraindik, baina, exekutatu barik daude espedienteok.
Eskatzaileen ezaugarri eta kopuruak
| Eskatzaile mota | Kopuruak |
|---|---|
| 35 urtetik beherakoak | 788 |
| Lau urte baino gehiago inskribatuta | 285 |
| Guraso bakarreko familiak | 59 |
| Mugikortasun urrikoak | 17 |
| Pertsona bakarrak | 1.290 |
| Bikoteak | 141 |
| Hiru edo lau lagun | 115 |
| Gizonezkoa | 778 |
| Emakumezkoa | 602 |
| 12.000-22.000 euroko sarrerak | 532 |
| 22.000-28.0000 euroko sarrerak | 311 |
| 28.0000-35.000 euroko sarrerak | 234 |
| 3.000 euro baino gutxiagoko sarrerak | 58 |