Aurrekontua da 103.000 euro ingurukoa. Oraindik goiz da lanen jarraipena egiteko, baina Obra Sailekoak "oso pozik" daude, "oraingoz". Izan ere, igogailua joango den lekuan zuloa egiterako orduan ez zen arazorik izan.
Igogailua edozein herritarrek erabili ahalko du. 2000. urte inguruan kokatu zuten plataforma jasotzailea, baina azken urteetan ez du bere funtzioa behar den moduan bete, pisuaren muga dela-eta. Bada, bestelako plataforma batzuk begiratzen aritu ostean igogailu bat jartzea erabaki du Udalak. Beheko pisutik lehen pisura joango da igogailua, aretoaren sarrerara, hain zuzen.Txarteldegiak, bestalde, leku berria hartuko du lanak amaitzen direnean. Eskuinaldean beharrean, ezkerraldean joango da eta aurrekoa baino handiagoa izango da. Gainera, elbarrituendako egokituta egongo da, hau da, altuera baxuagoa izango du.
Kultura eskaintzarekin aurrera
Astelehenetik eguenera arituko dira lanean. Helburua da lanok aste bukaeretako eskaintza ez baldintzatzea. Izan ere, aste barruko eskaintza murriztu egin behar izan dute: astelehen eta eguenetako zinema saioak kendu egin dituzte, obrek iraun artean. Hala, Jon Garai Kultura Sailekoaren arabera, "ahal den heinean" aste bukaeretako eskaintza mantendu egingo da.
Martxora arteko egitaraua gertu
Lanek kultura eskaintza ez dute etengo. Hala, Udaleko Kultura Sailak urtarriletik martxora arteko egitaraua kaleratu du. Asteburutara mugatuko da eskaintza, baina egongo da zertaz gozatu. Martxora arte geratzen den egitarauan antzerkia eta musika izango dira nagusi. Bebe musikariaren emanaldia aipatzekoa da: Y. lana aurkeztuko du kantu mitikoekin batera, disko berria prestatzen dabilen bitartean. Martxoaren 12an izango da, 20:00etan. 25 euro da sarrera.