Emaus zentroa handitzen doa, Ekocenterra amesten duela

Leire Kortabarria 2011ko urtarrilaren 22a

Arrasateko Udalak eta Emaus Fundazioak beste pauso bat emango dute euren elkarlanean, eta beste hamar edo hamabi laguni ikastaroa emango diete joskintza industrialean.

Batez ere, gaur egun Arrasaten daukaten tailerrean lan egiteko behar dituzten trebeziak erakutsiko dizkiete, eta, Arrasateko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko teknikari Marga Garmendiaren esanetan, "ikastaroa egiten duten batzuendako lan aukerak izango dira tailerrean".

Apurka-apurka, herrian finkatuz doa Nafarroa Etorbidean dagoen gizarteratze tailerra eta denda, eta Udalak eta Emaus Fundazioak Ekocenterra zabaltzeko aukera ikusten dute, etorkizunean.

Ikastaroaren gaineko informazio gehiago duzue hemen.

Tailerrean, Sin Desperdicio markako produktuak egiten dituzte. Publizitate xingolak edo banderolak erabiltzen dituzte horretarako. Ione Barquero Arrasateko tailerreko arduradunak azalpenak ematen dizkigu: "Xingolen materiala oso gogorra da, eta hori lantzen ikasiko dute. Bestalde, batzuetan unean uneko eskaerak jasotzen ditugu, eta bat-batean zerbitzatu beharreko eskaerak dira. Bada, horiei erantzuteko ere jendea behar izaten da". Hortaz, zuzenean tailerrera lanera joango ez liratekeen pertsonek lan-poltsa bat osatuko lukete, unean uneko lanak edo lanaldi luzeagoak egiteko. Arduradunek esaten dutenez, oso zaila da tailer horretarako behar den lana egiten dakiten langileak topatzea.

Lehen ere, Udalak eta Emausek eman zieten formazioa hainbat laguni. 2009. urtean izan zen, eta hura izan zen Emaus Fundazioaren abiapuntua Arrasaten. Zortzi hileko formazioa eta gero, Emausek Arrasaten duen tailerrean lanean hasi ziren hiru lagun, gizarteratze helburu horren barruan; horiekin bi arduradun hasi ziren. Handik gutxira, denda ireki zuten tailerren ondoan. Biak daude Nafarroa Etorbidean, Udaltzaingoaren eraikinaren ostean.
Bi produktu mota daude: bigarren eskuko arropa eta Emausen Sin Desperdicio markako produktuak –poltsak, diru-zorroak, giltzatakoak, erosketa-gurditxoak…–. Hasieran kosta egin zitzaion arren, orain polito dabil denda, Emaus Fundazioko Formazio eta Enplegu Programen arduradun Iune Polok dioen bezala: "Asko lagundu zuen denda lekuz aldatzeak; orain, sarrera kalera begira dago. Erantzuna oso ona da". Emaus Fundazioaren datuen arabera, hauek izan dira azken hilotako salmentak Arrasaten, eurotan: bigarren eskuko arropenak, 2.516,16 euroko salmentak urrian, 2.167,50 azaroan eta 1.794 abenduan; Sin Desperdicio produktuenak, 192,10 eurokoak urrian, 97,80 azaroan eta 269,60 abenduan.

Emaus denda Arrasaten.

Bigarren beherapenak

"Prezio aldetik, oso produktu desberdinak dira bi euroko kamiseta bat eta 30 euroko Sin Desperdicio poltsa bat. Baina kamiseta bigarren eskuko arropa bat da, eta tailerrean ez dugu landu; Sin Desperdicioko produktuak, aldiz, banan-banan egindakoak dira. Hori kontuan hartuta, prezioa oso justua dago; hortik guk ez dugu etekinik ateratzen", Iune Poloren hitzetan.

Beste komertzio askok bezala, Emausen dendak beherapenak dauzka. Astelehenean, Sin Desperdicio ez beste produktu guztiak prezio erdira ipiniko dituzte.

Bigarren eskuko arropa eta oinetako gehienak edukiontzi zurietatik edo zuzenean emandako arropetatik ateratzen du Emausek; baina, erabilitako edozein arropa ez dute saltzen: "Garbi eta ondo dagoenak bakarrik balio digu. Kontuan hartu behar da arropa hori ez dela lantzen; ez da garbitzen edo konpontzen, horrek asko garestituko lukeelako", esaten dute arduradunek. Bestalde, edukiontzietan ondo utzi arren arropa, gero kaltetu egin daiteke (euria…). Horregatik,  eskatzen dute zuzenean Emausen egoitzara eramatea artikuluak.

Arropa eta bestelakoak

Etorkizunean, Arrasaten Ekocenter bat ipintzeko aukera dagoela esaten dute arduradunek. Gipuzkoan bi halako daude: Belartzan (Donostian) eta Irunen. Etxetresna elektrikoak, altzariak, jostailuak… denetariko produktuak berriz salgai jartzen dira.  Iune Polok dioen moduan, "Ekocenter biak gizarteratze enpresek gidatzen dituzte, eta langileen %50 eta %70 artean izaten dira gizarteratze prozesuan dauden pertsonak". Momentu honetan, 17 halako langile dituzte Ekocenterretan, eta une jakinetarako beste 7-8 lagun hartzen dituzte. Eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi+ planaren laguntzarekin, beste bost hartuko dituzte.

Ekocenterrera bidea ez da erraza, izan ere, ekonomikoki bideragarria izan behar da, gastuak estaltzeko; baina, pixkana-pixkana, bide horretan jarraitzeko asmoa dutela esaten dute Udaleko eta Emauseko arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak