Iñigo Garitano: "Errespetua ematen dit lanpostuak erantzukizun handia duelako"

Ubane Madera 2011ko urtarrilaren 21a

Iñigo Garitano, (Bergara, 1966). Arrasateko Udaleko idazkari berria da. Baina badihardu 13 urte udaletxean lanean, Gizarte Zerbitzuetako teknikari-buru moduan. Lehenago beste bost urtean ibili zen Antzuolako Udalean, han ere idazkari.

Hartu duzu kargua?
Hartu nuen urtarrilaren 3an.

Zerk ematen dizu beldur gehien halako kargu inportante baten?
Ba akaso ezjakintasunarengatik-edo, baina beldurrik ez dit ematen. Errespetua bai, lanak erantzukizuna baduelako.

Akaso Antzuolan bost urtean idazkari izanak lagunduko du, ala?
Bueno, ni izan nintzen idazkari Antzuolan bost urtez, baina duela 13 urte, hortaz… Gainera, Antzuola da 2.000 biztanleko herri bat eta Arrasate da beste gauza bat. Zerikusia badu, jakina, lanaren funtsa berdin samarra izan liteke; aldatzen dena da egitura hau beste tamaina batekoa dela eta beste erantzukizun bat izan dezakeela. Baina lanposturako badaukat aurretiko erreferentzia eta lagunduko du.

Zer egin behar izaten du udal idazkari batek?
Batetik fede publikoa eman; Udalak hartzen dituen erabakiak organo jakin batzuetan hartzen dira (Osokoan eta Tokiko Gobernu Batzarrean) eta idazkariaren lana da organo horretan hartzen diren erabakien fede ematea; erabaki horiek hor hartu direla ziurtatzea. Bestea da udal jarduera osoa legediari egokitzen dela bermatzea. Aldi berean, baina, udal honetan arlo bakoitzaren erantzukizuna hainbat teknikariren eskuetan dago, eta badauka, baita ere, euskarri administratibo inportantea. Idazkariak ezin du jarduera guztiaren zaintza osoa eraman. Baina osotasunean jarduera eta erantzukizun azkenean idazkariarena da.

Halako kargu garrantzitsu baterako ze ikasketa behar da?
Zuzenbidean lizentziaduna izatea. Idazkari lanpostuak Udaletan daude gordeta habilitazio nazionaleko funtzionarioei, oposaketa bidez hartzen da lanpostua jabegoan. Gertatzen dena da lehiaketa horietan hainbat idazkaritza, Arrasatekoa, adibidez, hutsik daudela. Urtero deitzen da lehiaketa, baina ez dator inor. Eta hutsik jarraitzen duten bitartean Udalak egiten duena da lanpostuok  modu behin-behinekoan bete. Nire kasuan, izendatu naute halabeharrezko izaerarekin. Baina urteroko lehiaketetan aurkeztuz gero habilitazio nazionaleko funtzionario bat, horrek beteko luke lanpostua. Azken 20taka urtetan darama hutsik lanpostuak Arrasaten, eta egon dira behin-behinerako izaerarekin.

Hortaz, alkatea eta gero zeu zara Arrasateko Udalean inportanteena? Edo, behintzat, ezinbestekoena?
Inportanteena beti alkatea da, alkatea eta udal gobernu taldea. Erabaki nagusiak hor hartzen direlako eta gero osokoan, jakina. Egunerokotasunean, berriz, alkatea da Udaleko azken burua. Ezinbestekoa… neurri batean. Osokoetan eta Tokiko Gobernu Batzarretan idazkaria beti egon behar izaten da, fede publikoa eman behar duelako. Eta egunerokotasunean ere idazkariaren presentzia beharrezkoa da.

Indartsu hasi behar zara lanpostuan,  aurten hauteskundeak dira…
Bai eta udal hauteskundeak udal batean bereziak dira. Horrek suposatzen du aparteko lana. Antzuolan bizi izan nuen hori; hala ere aldea izango da tamainan. Baina ez nau kezkatzen.

Hasi da hauteskunde prozesua?
Ez, laster hasiko da, baina oraindik ez. Irekita dagoena da atzerritarrak (espainolak ez diren europarrak edo Espainiak hainbat herrialderekin akordioa duteneko herritarrak) erroldan sartzeko epea. Urtarrilaren 15era arte zen epea eta 25era arte luzatu da. Herritar horiek eskubidea dute erroldan sartzea eskatzeko.

Bergarakoa izan arren, Arrasaten zure txokoa eginda duzu? Gustura zabiltza?
Nik hemengoa lana kontsideratzen dut, eta egia esan Arrasaten ez dut bizitzarik egiten. Baina gustura nago. Udaletxea ezagutzen dut. Eta udaletxetik kanpoko jende asko ezagutu dut 13 urtean, eta jende askorekin harremana izateko bidea eman dute Gizarte Zerbitzuek: elkarteak, jende nagusia, erretiratuak, egoitzarekin lotutakoak… ni gustura nago

Besterik gura baduzu gaineratu…
Orain nagoela apur bat kokatzen toki berrian, baina hasteko gogoarekin nago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak