Roman Martinez: "Arrasateko bide zaharrak errekuperatzerakoan herriak aisialdirako beste aukera bat izango du"

Xabier Urtzelai 2011ko urt. 21a, 07:00

Besade Mendi Elkarteak atzo, hilak20, egin zuen batzar orokorra; eta, hitzordu horren bueltan izan gara Roman Martinezekin, Besaideko presidentea. Iazko urtearen balorazioa egin digu, eta besteak beste, aurtengo egitasmoen eta elkartearen erronken gainean egin dugu berba.

Neguan murgilduta, eskiko irteeretan buru-belarri zabiltzate.
Bai, halaxe da. Datozen hilabeteotan mendiko eskiko bost irteera prestatu ditugu, hilero bat, eta pena da elur gutxi zegoelako prestatuta geneukan irteera bertan behera geratu zela. Horrekin batera, eski alpinoa egiteko irteerak, Formigalera eta Aste Santuan Alpeetara orain arte moduan antolatuko ditugu.


Mendiko eskia indar handia hartzen dabil, baita txapelketetan ere.
Bai, geroago eta jende gehiago dabil kirol modalitate horretan. Gure eskaintza ez dago txapelketetara bideratuta, eta bai kirol hori ahalik eta jende gehienen eskura jartzea.


Euskal Herriko mendietan zehar egiten dituzuen irteerak direla-eta. Aurten Besaiderekin Bizkaia ezagutu ahal izango da ondo.
Domeketan egiten diren irteerak dira horiek, hilean behin. Eta aurten, Ondarroatik hasita etapaz etapa Muskizeraino iritsiko gara. Guztira 6 etapa izango dira, batez beste 16-18 kilometrokoak, eta Bizkaiko paraje eder asko ezagutu ahal izango dira. Horrekin batera, mendi kate esanguratsuetara ere irteerak izango dira, asteburuko irteerak, Anayetera (ekainak 4 eta 5) eta Arletera (irailak 24 eta 25).


Egutegiko hitzorduez gain, helburu zehatzak dituzue elkartean.

Arrasateko bide zaharrak errekuperatzeko lanekin jarraitzen dugu, Udalarekin elkarlanean. Bide horiek ondo identifikatu, garbitu, eta markatzen baditugu Arrasatek aisialdirako beste aukera bat izango du, izan ere, Arrasateko inguruetan bazter eta txoko politak daude, oinez ibiltzeko. Horrekin batera, Leixargarateko aterpea konpontzeko proiektuarekin gabiltza, eta udaberrirako txukun egongo dela uste dugu, denondako erabilgarri. Teilatuko teila batzuk aldatu, aterpearen aurrealdea txukundu, barrutik hobeto isolatu eta kanpotik margotu nahi dugu.

Igarri duzue krisialdia?
Orokorrean, mendi elkarte gehienetan bazkide kopuruak behera egin du, %5ean edo. Gurean ere azken urteotan beherako joera izan da, baina ez nabarmena. Bestetik, AUKEAk beste sistema bat erabili du kirol elkarteen artean diru-laguntzak banatzeko, eta Besaide ez da irabazten irten. Baina, ekonomikoki elkartea ondo dago.
Erronka handia dugu, esaterako, gazteak mendi elkartera erakartzen. Gaztetan mendi taldearekin harremana izaten badute, etorkizunean eurak izango dira irteerak antolatuko dituztenak, elkartea gidatuko dutenak. Eta hor ere baditugu egitasmo batzuk esku artean.

Batzar orokorrean zuzendaritzaren proposamenetako bat izan da bazkideen kuota igotzea.
Aspaldi egin ez den gauza bat da eta bazkide kuota bi eurotan igotzea proposatuko dugu. Dena dela, ez dugu uste igoera handia denik.

Besaide mendi elkarteko hitzorduen informazioa hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak