Joskintza ikastaroa, gizarteratze helburuarekin

Leire Kortabarria 2011ko urtarrilaren 19a

Arrasateko Udalak eta Emaus Fundazioak langabeendako joskintza ikastaroa emango dute urtarrilaren 31tik apirilaren 8ra bitartean. Izenematea zabalik dago datorren astelehenera, hilaren 24ra arte, BAZen edo Udal Enplegu sailean (943 25 20 70). Ikastaro berezia izango da, izan ere, egiten duten batzuendako enplegu aukerak izango dira Emausek Udalaren laguntzaz herrian daukan tailerrean.

Ikastaroan 10-12 lagunendako lekua izango da. Marga Garmendia Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko teknikariak azaltzen dizkigu betekizunak: "Ezinbestean bete beharreko baldintza bakarra da Enplegu Zerbitzu Publikoan langabe gisa izena emanda egotea. Lehentasuna izango dute Arrasatekoek. Kontuan hartuko dira hautagaien egoera sozioekonomikoa, zenbat denbora daroaten langabezian eta joskintzarekin harremana izatea. Hortaz, edozein apuntatu daiteke, baina bazterketa egoeran ez daudenendako lau postu inguru izango ditugu bakarrik".

Ikastaroa egiten duten "batzuek enplegu aukera" izango dute Emausen tailerrean, eta beste batzuek Emausen lan-poltsan sartuko dira. Tailer horretan, Sin Desperdicio markako produktuak josiko dituzte. Hortaz, ez da ohiko arropak edo ehunak jostea bezalakoa; produktu haiek erabilitako publizitate-banderekin egiten dira, eta propio ikasi behar da haiek josten.

Emaus Fundazioaren tailerrak eta dendak urte bete pasa egin dute herrian, eta, arduradunen esanetan, "polito" doa orain denda. Bi helburu betetzen ditu: ingurumen aldetik, materiala eta arropa asko berrerabili egiten dira; eta, gizarteratze helburua ere betetzen du, bazterketa arriskuan egon daitezkeen pertsonei lanpostua ematen dielako.

Horiek guztiak zabalago irakurtzeko aukera duzue hilaren 21eko Goiena aldizkarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak