Grebara deitzeko ekitaldiak egingo ditu bihar ESK-k

Leire Kortabarria 2011ko urtarrilaren 18a

Urtarrilaren 27an pentsioen erreformen aurkako greba orokorrean parte hartzeko gonbidatzeko asmoz, hitzaldia eta kale-agerraldia egingo ditu bihar, eguaztena, ESK sindikatuak. Iñaki Uribarrik egingo du hitzaldia Kulturaten, 18:00etan. Segidan, 19:00etan, Seber Altuben kale-agerraldia egingo dute.

ESK-k honakoa esaten du: "Gobernu desberdinak planteatzen ari diren pentsioen erreforma honen eta gainontzeko gizarte eskubideen murrizketak direla bide, ESK-k dio langileriak irmoki erantzun behar duela".

Honako oharra egiten du: "Egun, krisiarekiko instituzioen erantzuna Ongizatearen Estatua etapaz etapa behera botatzera zuzenduta dago, hau baita finantza merkatuen exijentzia, zeini Zapateroren Gobernuak 2010eko maiatzetik erabateko ohore egiten dien. Aurreko urtetan etekinen neurrigabeko pilatzearen ondorioz krisia eragin zutenek krisiaren kosteak langile eta gizartearen sektoren ahulenen bizkarretik ematea exijitzen dute. Eta gobernuek hauen esanetara dihardute".

"Greba masiboa eta erabatekoa"

Grebara joateko honako arrazoiak ematen ditu ESK-k: "Langile guztiei erreformaren zentzugabekeria ezagutarazi behar diegu, zein erreformaren bizkarrean ezkutatzen den politika neoliberala eta berau bertan behera botatzearen garrantzia. Urtarrilaren 27ko greba orokorrak masiboa eta erabatekoa behar du izan", esaten dute.

Horrexegatik antolatu dituzte biharko hitzaldia eta kale agerraldia. Iñaki Uribarriren hitzaldia 18:00etan izango da, Kulturaten, eta Seber Altube plazan kale-agerraldia egingo dute segidan, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak