Aste bukaeretara begira ekintza bereziak antolatzen dituzte. Zapatuan, esaterako, Urbiara egin zuten mendi irteera. Eta zapatu honetan, hilak 22, eskalada ikastaroa egingo dute. Iaz Markel Mendieta eskalatzaile arrasatearra izan zen gazte txokoetan eskaladaren gaineko oinarrizko argibideak ematen eta beranduago Araotzera egin zuten irteera. Hilaren 22rako, baina, asmoa da talde txiki bat sortu eta, eguraldiaren arabera, Arrokara edo Iruñeko Rockopolis rokodromo erraldoira joatea.
Hurrengo zapatuan, hilaren 29an, eski irteera egingo dute Aretxabaleta eta Eskoriatzako gaztelekuetakoekin batera. Valdezcaraira joango dira; egun bakarreko irteera izango da, goizean goiz irten eta arratsalderako bueltatu. Materiala badutenek 20 euro ordaindu beharko dute eta eskia eta bestelako materiala alokatu behar dutenek, berriz, 40 euro. Nortasun agiria, telefonoa, hankaren neurria eta altuera jakinarazi beharko dira.
Lekua, mugatua
Bi irteera horietan izena emateko Gazte bulegora edo gazte txokoetara jo beharko dute gaztetxoek. Lekua mugatua da: eskalada irteerarako zortzi pertsonako taldea sortzea pentsatu dute begiraleek eta eski irteerako, berriz, 30 leku egongo dira Arrasatetik joateko. Hori bai, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik lekua soberan balego, gehiagorendako lekua legoke.
Gaztegunea, "beharrezkoa"
Bestalde, joan den astean egokitzen hasi ziren erdialdeko gaztegunearen gainean galdetu diegu Txatxilipurdikoei. "Behar bati erantzuten dion proiektua" dela uste dute: "Gazte txokoetako proiektuaren jarraipen moduan ikusten dugu, eta bertan ere aisialdi eskaintza euskaldun baten bidez hezkuntza ez formala garatuko dugu, gazteen garapen eta autonomian bidelagun izateko. Nerabeen eta nerabeendako leku bat izan dadila gura dugu".