Hasi dira Oñatiko ur-zikinak Epeleko araztegi berrira bideratzeko hodiak sartzeko lanak. Elorregi inguruan dabiltza makina hondeatzaileak, trenbide zaharrean, bertatik bideratu behar dituzte-eta Oñatiko urok Arrasateraino, garbitu eta berriro errekara bidaltzeko.
Obra horren pausoak honako hauek izango dira: hodiak sartu, hormigoizko plaka jarri gainean eta gero bidegorria egin, 400-500 metrokoa.
Bidegorria, industrialdearen atzetik
Bidegorri zati hori Epeleko araztegiraino iritsiko da (Arrasate). Hortik Kataide industrialdera arteko bidegorri zatia etenda dago une honetan, oinezkoen pasabidearen lotura zen antzinako zubia bota egin dutelako. Orain egingo dutena da bidegorri berria egin, industrialdearen atzeko aldetik.
Otsailean, errepidea
Otsailerako, berriz, beste mugarri garrantzitsu bat dute obra horietan: Arrasaten AP-1 autobidea baino lehen dagoen errebuelta birmoldatzen hastea. "Apur bat zuzendu egin gura dugu errebuelta; S itxurako errebuelta da, eta helburua da halako norabide aldaketa zakarra beharrean, errebuelta soil bilakatzea. Errekari lekua irabazita egingo da konponketa hori". Bide bat egokitu egingo dute zirkulaziorako, eta bestean egingo dute lan.
Bada, hori guztia eta araztegia bukatzeko falta diren gainontzeko lanak martxorako bukatzea dute aurreikusita. Hala ere, gero probaldirako sasoia izango dute, sei hilabetekoa.