Erdialdeko Gaztegunea gertuago, egokitzeko lanak asteon hasi ostean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urtarrilaren 14a

Aste bukaeretako aisialdi eskaintza osatzea, gaztetxoendako eta erdigunean. Hori da etorkizuneko erdialdeko Gaztegunearen helburua. Izan ere, Udaleko Gazteria Sailak aspaldi ikusi zuen Arrasaten hiru gazte txoko izan arren, erdigunean 12 eta 17 urte artekoendako aisialdi eskaintza hankamotz zegoela

Gazte txoko horiek herriko auzo periferikoetan daude: Erguin, San Andres eta Musakolan, hain zuzen. Hala, erdiguneko hutsunea betetzea geroago eta gertuago dago, astelehenean hasi ziren-eta Pablo Uranga kaleko eraikina egokitzeko obrekin.
Pablo Urangako 6. zenbakiko etxabe osoa hartuko du aisialdirako gune berriak. Hau da, orain arte AEDren eta Ekin emakumeak elkartearen esku zegoen gune osoa hartuko du etorkizuneko Gazteguneak. Txatxilipurdi elkartekoak ere bertan egon ziren 2010eko uda hasierara arte; orain Nafarroa etorbidean daude, Udaltzaingoaren egoitza berriaren atzealdean. AED eta Ekin, berriz, Pablo Uranga kaleko 4. zenbakian geratuko dira oraingoz.

Bost hilabete lanak amaitzeko
Hirigintza Sailak adierazi duenez, bost hilabete iraungo dute Gaztegunea egokitzeko lanek. Ofizialki abenduan hasi behar ziren lanekin baina Gabonetako oporrak tarteko, obrak "martxa onean" asteon hasi dira; astelehenean, hain zuzen. Beraz, maiatz amaierarako edo ekain hasierarako lanak amaituta egon beharko dira. Hainbat lan egin behar dituzte. Besteak beste, hainbat horma bota behar dituzte –orain lan horretan ari dira– eta, bizilagunei ahalik eta kalte gutxien eragiteko, lokala intsonorizatu egingo dute. Hirigintza Sailekoek aditzera eman dutenez, "kaxa akustiko" bat egingo dute. Hau da, eraikinaren egituretatik zaratarik ez da pasako goiko pisuetara eta "ahalik eta gutxien" kanpoaldera. Hala, hormak eta sabaia sendoagoak egingo dituzte.

Togapunea eta gune aktiboa
Planoak ikusgai daude dagoeneko: eraikinaren barruan bi gune egokitzea da asmoa. Hala dio Blanca Jauregi Gazte Saileko teknikari buruak: "Bi gune nagusi jarriko ditugu. Espazio gehien Topagunea deritzonak hartuko du, eta bestetik, gune dinamikoa egongo da". Topagunea moduan bataiatu duten gune hori erabilera anitzekoa izango da, Jauregiren arabera: "Formatu txikiko denetariko ikuskizunendako oholtza txiki bat egongo da. Gainera, tailer eta jolasendako lekua ere egongo da; Gaztegunearen gune nagusia izango da".
Gune aktiboa, bestalde, ping-pong, mahai-futbol eta antzeko jolasendako egokituko dute, Jauregik aurreratu duenez. Bi gune horiez gain, pasilloa, biltegia, komunak eta instalazio teknikoetarako txokoa ere izango du.

Ia 300.000 euro kostako da
Gaztegunea egiteko aurrekontua da 296.035 eurokoa. Udalak gastuei aurre egiteko Aldundiaren eta Jaurlaritzaren dirulaguntzak jaso ditu –atzerapenak izan dira laguntza horiekin–. Lokal handia izango da, erabilgarriak diren 250 metro koadro izango ditu-eta: Topaguneak, 142 metro koadro eta gune aktiboak, berriz, 48.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak