Autobus erabiltzaileen erdiek baino gehiagok Lurraldebus txartelarekin ordaindu dute bidaia

Goiatz Arana Begiristain 2011ko urtarrilaren 13a

Erabiltzaileen %55ek egin dute ordainketa era horretan astelehenean, urtarrilaren 10ean, aukera hori ipini zenetik. Orotara, 7.224 arrasatearrek dute Lurraldebus txartela.

Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendari Pilar Aranak emandako datuen arabera, urtarrilaren 10etik, hiru egunetan, 1.157 lagunek erabili dute herri barruko autobusa Arrasaten. Horietatik 639k txartelarekin ordaindu dute bidaia eta 518k diruarekin; txartelarekin ordainketa egindakoei 0,73 euro kosta zaie bidaia, besteei euro bat. Egunez egun, txartelarekin ordainketa egin duten bidaiarien kopurua handitzen joan da: %50, %56 eta %60, eta  aukera berri honek herritarren artean izandako harrera ona erakusten du horrek, Pilar Aranaren esanetan.

Egun, Arrasaten, Lurraldebus txartela duten 7.224 herritarren artetik 3.138 talde berezietakoak dira: gazteak, familia ugariak, ezinduak edo adinekoak. Debagoiena osoan 19.000 lagun dira txartelaren jabe.

Joan den abenduaren 29an onartu zen Arrasateko herri barruko autobus zerbitzua Lurraldebusen barruan sartzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arrasateko Udalaren arteko akordio baten ondorioz. Alde biak hartu zuten zerbitzua diruz laguntzeko konpromisoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak