Euskara plana jarri gura dute elkarte gastronomikoetan

Oihana Elorza Gorostiza 2011ko urtarrilaren 10a

Helburua da euskara indartzea elkarte gastronomikoetan, estatutuak, oharrak, aktak, bilerak ... euskaraz eginez. Euskara plana azaltzeko bilera egingo du SUDC elkarteak martitzenean, urtarrilak 11, 19:00etan bere lokalean.

Juan Luis Arkauz SUDCeko presidenteak Arrasate Irratian azaldu duenez, herritar batzuengandik jaso dute proposamena. "Herriko erretiratu batzuk lanean dihardute euskararen alde eta proposatu digute elkarte gastronomikoetan euskara bultzatzea, indartzea. Eurak ere laguntzeko gertu daude eta euskara plan hori azaltzeko bilera egingo dugu martitzenean, SUDCeko lokalean".

Euskara plana

Arkauzek azaldu duen moduan, asmoa da elkarte gastronomikoetako estatutuak, bilerak, oharrak, aktak ... euskaraz egitea. "Planarekin orain hasiko gara eta urtebete edo urte t'erdi barru orain baino euskara gehiago erabiltzen bada elkartetan, pozik egongo gara", adierazi du Arkauzek.

Bilera martitzenean

Egun 23 elkarte gastronomiko daude SUDCn barruan eta horietatik 18k aldeko iritzia eman dute dagoeneko. Elkartetik kanpo dagoen beste soziedade batek ere bai. Horiek guztiak, SUDCeko ordezkariak eta udaleko ordezkariak egongo dira martitzeneko bileran.

  • Bilera: urtarrilak 11, martitzena
  • Oruda: 19:00etan
  • Tokia: SUDCeko lokal berrian, Nafarroa etorbidean, Emaus dendaren gainean

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak