Defentsa onarekin 75 eta 60 irabazi dio MUk Ardoiri

Julen Iriondo 2011ko urt. 9a, 00:12

Bana-banako defentsa egin zuten Arrasatearrek partidu osoan, eta erasoan, berriz, boterik gabeko jokoa. Baloia bizkor mugituz eta blokeo gogorrekin lortu zuten aurkaria mendean hartzea.

Duela hiru jardunaldi ezinezko zirudiena gertuago ikusten dute orain Mondragon Unibertsitatekoek: ligaren aurreneko fasea sailkapenaren erditik gora amaitzea, bigarrenerako onenen multzoan sartzea eta, ondorioz, denboraldi erdirako mailari eustea ziurtatuta edukitzea, alegia. Zapatuan Ardoiri irabazita eta Askartzaren porrotarekin, datorren jardunaldian elkarren artekoa irabazita postu horietan kokatuko litzateke Arrasateko taldea.
Ardoiren aurkakoa uneoro izan zuten kontrolpean MUkoek, eta beti joan ziren aurretik markagailuan, hamar puntutik beherako aldeekin lehen zatian –39 eta 32 atsedenaldian–, baina hamabostetik gorakoekin ere bai bigarrenean –75 eta 60 amaieran–.
 
Josu Larreategi entrenatzailea gustura geratu zen taldeak defentsan egindako lanarekin: "Lortu dugu zonakakoa erabili gabe, bana-banakoarekin aurkaria 60 puntutan uztea. Beste partidu batzutan baino hobeto ibili gara, nahiz eta ez dugun jarraikortasunik izan gaur ere".
Barruko jokoan tarteka min egin arren, Ardoiko jokalariak ez ziren fin ibili kanpoko jaurtiketetan, eta errebotean ere Arrasatekoak izan ziren nagusi. Erasoan, berriz, boteko jokorik gabe, baloia batera eta bestera azkar mugituz eta blokeo gogorrak eginez jokatu zuten Larreategiren mutilek, eta astean zehar landutakoak emaitza eman zuen. Entrenatzaileak Kintanak, Anasagastik eta Atxak egindako lana nabarmendu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak