Ordaintzeko era, ordutegi eta ibilbide berriekin dator urbanoa, hilaren 10etik aurrera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urt. 10a, 09:00

Udalak garraio publikoaren aldeko apustua berretsi du eta urte berriarekin batera hainbat nobedade izango dira autobus urbanoan. Hona nobedade nagusiak: Lurraldebus txartelarekin ordaindu daiteke, autobusak ordu erdiro pasako dira eta bost geltoki berri jarri dituzte.

Garraio publikoa bultzatu gura du Udalak. Adibide garbi bat: 2011ko aurrekontuetan iaz baino 150.000 euro gehiago bideratuko ditu garraio publikora. Nobedade aipagarriena da gaurtik aurrera Lurraldebus txartelarekin ordaindu ahalko dela. Orain arte erabili izan den udal txartela balio gabe geldituko da, eta horren ordez Lurraldebus txartela erabiliko da. Hori bai, udal txartelean dagoen diru kopurua Lurraldebuseko txartelera pasatzeko aukera dago. Aldaketa hori BAZen egin behar da martxoaren 31era arte.
Abenduaren 29an sinatu zuten hitzarmena Aldundiak eta Udalak; egun 7.000 bizilagunek dute txartela baina Udalak espero du kopuru horrek gora egitea. Bestalde, Arantza Tapia Garraio diputatuak Bilborekiko zerbitzuren inguruko nobedade bat ere aipatu zuen: 2011ko lehen hiruhilekoan sinatuko dutela hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bizkaibusen zerbitzua Elorrioraino beharrean Arrasateraino iritsi dadin.
Lurraldebusekin merkeago
Lurraldebus txartelarekin ordainduz gero askoz merkeagoa izango da autobus urbanoaren zerbitzua: lehen bidaitik 40. bidaira arte txartela erabiliz gero, 0,73 euro kostako da bidai bakoitza, 41 eta 70 bidaien artean, 0,36 euro, eta 71. bidaitik aurrera 0,12 eurotan irteten da bidai bakoitza.
Kontuan izan behar da deskontu horiek hilabeteka aplikatuko direla. Hau da, hilabete bakoitzean zerotik hasiko dira bidaiak zenbatzen. Lurraldebus txartela erabili barik bidai bakoitza 1,35 euro ordaindu beharko da.
Bost geltoki berri
Ordaintzeko era berriaz gain, beste berritasun batzuk ere badira. Autobus kopurua bikoiztu egin da, bi autobus berri erosi ditu Udalak. Egun, beraz, bost autobus daude. Autobus berriak txikiagoak dira –ikusi argazkia–, 16 eserleku dituzte. Ordutegia ere aldatu dute: autobus kopurua bikoiztu dutenez maiztasuna ere bikoiztu dute; gaurtik aurrera ordu erdiro pasako dira autobusak. Baina hori ez da guztia, ibilbidean ere berritasunak daude. Geltoki berriak jarri dituzte, bost geltoki berri, hain zuzen: Garaian, Itxaropena kalean, Udalpen, Kiroldegian eta San Isidron.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak