Berrikuntzekin dator Arrasate Irratia

Oihana Elorza Gorostiza 2011ko urtarrilaren 5a

Urrtarrilaren 10ean itzuliko da Igo autobusera uhinetara, ordutegi berriarekin, besteak beste. Astelehenetik aurrera, 10:30ean hasiko da Arrasate Irratiko Igo autobusera irratsaioa, 107.7an. Besteak beste, diskoak eta sarrerak zozketatuko ditu entzuleen artean.

Berrikuntzekin hasiko du urte berria Arrasate Irratiak. Nobedadeen artean, ordutegi aldaketa dago. Astelehenetik aurrera, urtarrilak 10, goizeko 10:30etik 11:30era izango da zuzenean Igo autobusera irratsaioa.

Beti bezala, albisteak izango dira irratsaioaren ardatza. Programazio berrian, 15 minutuko albistegia egongo da lehenengo eta magazina gero. Magazinaren barruan sartuko ditu eguneko beste albiste batzuk, elkarrizketa edo erreportaia moduan. Horrez gain, baina, betiko tarte finkoak ere izango ditu Igo autobusera berrituak, hala nola: gazte bulegoko eta sexologia zerbitzuetako azken berriak, teknologia berrietan gertatu diren nobedadeak eta entzuleen artean banatzeko opariak.

Albistegia

Ordutegiaz gain, bada, edukietan ere egongo dira aldaketak, horien artean, goizean zehar 107.7ko albistegia hainbat alditan eskainiko dela. Helburua da Arrasateren berri jasotzea lehenengo eta gero nazio mailakoak. Hasi gertu-gertuko informazioarekin, Debagoienekoarekin batera, eta albiste orokorrekin bat egitea gero.

Hori horrela, 10:30eko albistegia, entzun ahal izango da ere: 11:45ean eta 12:45ean. Arratsaldetan, berriz, goizeko irratsaio osoa entzun ahal izango da: 14:00etan, 17:00etan, 19:00etan eta 22:00etan.

Musika tartea

Orain arte bezala, musikak garrantzia izaten jarraituko du 107.7an. Horrela, zuzeneko saioaren aurretik eta ondoren, musika entzun ahal izango da Arrasate Irratian, euskal musikaren aldeko apostua eginez. Arratsaldeko saioak lotzeko soka musika izango da.

Egubakoitzetan zozketak

Entzuleen artean zozketatzeko opariak izango ditu Arrasate Irratiko autobusak aurten ere. Orain arte moduan, egubakoitzetako saioaren amaieran izango da zozketa. Datorren astean, besteak beste, zozketatuko ditu:

  • Bi disko: Jon & Sugramas eta Bide Ertzean taldeen diskoak
  • Erremeixoak DVDa
  • Danbaka musika lehiaketako finalerako sarrerak (urtarrilaren 14an da finala Elgetako Espaloian)

Zozketan parte hartzeko bideak, betikoak dira:

  • irratiaABILDUAgoiena.com
  • 943 25 05 05

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak