Nahixan taldea: "Gure musika zuzena eta herrikoia da, entzuleekin batera abesteko modukoa"

Mireia Bikuña 2011ko urtarrilaren 8a

Nahixan taldeak Taupadak diskoa kaleratu zuen urriaren 25ean. Patxik, Iñigok, Axierrek, Aitorrek eta Axularrek osatzen dute taldea. Bada, haiekin egin dugu berba disko berri horren ezaugarrien gainean.

Diskoa grabatu duzue. Pozik emaitzarekin?
Beti egoten dira gauzak hobetzeko, honek beste gauza askok bezala ez duelako amaierarik, baina oso pozik gaude diskoaren soinuarekin eta emaitzarekin. Behin diskoa esku artean izanda, berriro ere hasi gara gehiago entzuten, eta gero eta gehiago gustatzen zaigu.

Non grabatu duzue?
Diskoa Haritz Harreguyren Hi Gain estudioetan grabatu genuen apiril-maiatzean. Esperientzia aberasgarria izan da. Izan ere, esperientzia duen jendearekin lan egiteak mesede egiten du, askotan azterketa bat dela dirudien arren. Diskoa urriaren 25ean kaleratu genuen.

Non eros daiteke diskoa?
Diskoa gure myspace-en bitartez eros daiteke: hain zuzen ere, www.myspace.com/nahixan webgunean. Bestalde, diskoak saltzen dituzten dendetan ere eros daiteke, eta baita gure zuzenekoetan ere. Lan hori guztia gure managerrak egiten du.

Ze musika mota egiten duzue?
Batez ere, pop estiloan oinarritzen da. Dena den, rock ukitu asko duela esango genuke. Guk egiten dugun musika zuzena eta herrikoia da. Entzuleekin batera abesten den horietakoa.

Bigarren diskoa da zuendako. Ze ezberdintasun daude bien artean?
Lehenengo diskoa zuzenagoa zen eta soinu rockeroagoa zuen. Bigarrenak, aldiz, soinu goxoagoa du, beste xarma bat dauka, momentu askotan laztandu egiten zaituen diskoa da, ezberdina.

Zuen lana ezagutzeko gogoa duenak nora joan beharko du?
Abenduaren 11n hasi genuen diskoa aurkezteko bira Arrasaten. Datozen egunotan, Tolosako Bonberenean (urtarrilak 14), Mutrikuko gaztetxean (otsailaren 12an), Bilboko Kafe Antzokian (otsailaren 17an) eta Bermeoko Kafe Antzokian (otsailaren 25ean) egingo ditugu zuzenekoak.

Noiz sortu zenuten taldea? Ze helbururekin?
Aitor 2008ko urrian heldu zen taldera eta orduan hasi zen sendotzen, nahiz eta lehenagotik Axularrek eta Patxik lehen zutabeak jarrita zituzten. Helburu nagusia diskoa grabatu eta taldea ezagutaraztea zen. 2009ko urtarrilean egin genuen lehen grabazioa. Disko hartako kantu asko irratian entzun ahal izan ziren, tartean Argi lotuak.

Nola ikusten duzue musika panorama?
Egia esan, nahiko gaizki. Krisiaren eraginez dirulaguntzak murriztu egin dizkiete kultura elkarteei eta erakundeei. Gainera, musikarion lana ez dute ondo baloratzen, eta, ondorioz, ez digute ondo ordaintzen. Bestalde, esan behar dugu talde eta ikuskizun eskaintza handia dagoela, oro har, eta horrek ere zailtzen duela panorama.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak