Jabier Arregi: "Txakolina kanpotik ekartzen badugu, besteok ere txarra egingo dugu"

Lander Muñagorri 2011ko urtarrilaren 11

Arrasateko Musakola auzoan dago Egi-Haundi baserria, eta bertan bizi da Jabier Arregi txakolingile arrasatearra. Aurtengo uzta ona izan ei da, baina zenbat litro egiten dituen ez digu zehaztu nahi izan.

Hala ere, hiru hektarea mahasti dauzka baserri aldamenean, eta Kataide Txakolina izen komertzialarekin merkaturatzen du edaria. Urtetako esperientzia bizkar gainean, bere izerdiek jarraipena izango dutela ziur da. Izan ere, hurrengo belaunaldiak horretan jarraituko duela uste du.

Noiz hasi zinen txakolina egiten?
1989an sartu genituen lehen landareak probarako, eta gure lehen helburua proba egitea izan zen, ea hemen txakolina egitea bazegoen edo ez. Aurretik nire osaba Kataide nire jaiotetxean saiatu zen txakolina egiten, baina ez zuen lortu. Ondoren, ni ere saiatu nintzen han bertan, eta nahiko ongi, baina, hala ere, ez nion kasu handirik egin. Hona etorri ginenean, lur zatitxo baten mahatsa jartzea pentsatu nuen, Getariako estilora, parran. Oraindik hala jarraitzen dut.

Mahasti gehiago duzu orain, ordea...
Etxerako hasi nintzen egiten, hasierako helburua horixe bera zen-eta. Ondoren, jendea txakolina eskatzen hasi zitzaigun, eta kanporako egiten ere hasi ginen. Orduan, hektarea bat mahats gehiago sartu genuen, eta ondoren beste bat. Landare-sarean jarri genituen ondorengo sail horiek. Parra erara jarriz gero, mahastiak fruitu gehiago ematen du landareak, baina lan handiagoa ere ematen du. Nik nahiago dut landare-sarea, traktorearekin biltzeko aukera ematen du-eta; parran, ordea, eskuz bakarrik. Gehiago izan arren, nekosoagoa da.

Alderik sumatzen da barnealdean egiten den txakolinaren eta kostaldekoaren artean?
Bai, guk hobea egiten dugula! [Barre]

Lurrean edo kliman ez da alderik sumatzen?
Begira, esan dizudan bezala, parran egin edo lore-sarean egin, gure terrenoetan bertan ere aldea daukagu. Orduan, hemendik Getariara ere pentsatu aldea egongo dela... Horrek ez du esan nahi hangoa hobea edo okerragoa denik, askotan esaten dute-eta Getarian hobea egiten dela, baina hori ipuina da. Eguraldiak zerikusia du, bai. Esaterako, hemen mahatsa esnatzen han baino hamabost egun lehenago hasten da, baina jasotzeko garaian, biak batera heltzen dira. Hemen paraje epelagoa delako hasten da lehenago esnatzen, baino han eguzki gehiago egiten du eta horregatik heltzen dira biak paretsu. Hala ere, esan dizudan moduan, gurea askoz hobea da [Barre].

Burgos inguruan txakolina egiten ere hasi ei dira, eta orain izendapenaren barruan sartu nahi dute...
Lehenago ere han egiten zen txakolina, baita Santanderren eta Sorian. Txakolina leku askotan egin izan da, baina, azkenean, egiteari utzi egin zioten bere garaian. Errioxako ardoa edateko hobea da, eta horretara ohitu zen jendea bere garaian. Horretaz gain, txakolina egitea askoz ere nekosoagoa da. Pentsa, aurten hamairu bider bota behar izan diegu sulfatoa gure mahatsei, eta Getarian ere bota dute...

Eta zer iruditzen zaizu horiek guztiek izendapenaren barruan sartu nahi izatea?
Niri barregarri samarra iruditzen zait. Ez da ez luketelako hartuko, baina orain txakolinean sartzea... Txakolinak prezio altua dauka beste ardoekin alderatuz gero. Baina horrek ez du esan nahi hurrengo urtean prezio horretan egongo denik. Gainera, probatu dudan Burgosko txakolina oso txarra da, zakarra eta garratza da. Hor inguruan hemengo pertsonaren bat ibili da txakolina egiten, eta merke egin nahian dabil, hemen garesti saltzeko. Alde horretatik doazela iruditzen zait niri.

Orduan, deslokalizazioa txakolinera ere iritsi da?
Bai, nik uste dut baietz. Kalitate txarrekoa, eta nik uste dut hemen jendeak ez duela hori erosiko. Orain, horrek ez du esan nahi ikasiko ez dutenik, ikasi egin dezakete-eta. Lehenengo, mahatsa aldatu egin beharko dute, eta hemengo modukoa jarri. Txakolin ona egingo luketenak, adibidez, errioxarrak izango lirateke.

Beraz, zer litzateke egokiena?
Hemen gertatzen dena da batek gauza bat egiten badu, esaterako patata sartu, denak patata sartzen hasten garela. Zona bakoitzak gauza batera dedikatu beharko luke. Egin gauza onak, baina, esan dizudan moduan, elkar izorratu barik. Azkenean, hori gertatzen ari baita. Kanpotik ekartzen hasten bagara, gainontzekoak ere txakolin txarra egiten hasiko gara ziurrenik.

Eta zuen uzta nolakoa atera da aurten?
Esan dizut lehenago ere, ona, munduko onena!

Zenbat litro egin dituzue?
Artzain bati galdetu omen zion behin zure gisako batek: "Zenbat ardi dituzu?". Hark erantzun: "Zenbat uste duzu?". Eta: "100?". Artzainak: "Hortxe, hortxe". Hau ere berdina da. Getarian egiten dituzte 14.500 kilo hektareako, baina hori absurdoa da, astakeria. Gaur har daiteke kopuru hori, baita gehiago ere, baina datorren urtean ez duzu kopuru hori hartuko. Hau ez da industria bat, hau baserri bat da. Errusian bost urteko planak egiten zituzten, bazekitelako urte batetik bestera gauzak aldatu egin zitezkeela.

Orduan, bost urteko planak egiten hasi behar dugu?
[Barre] Beharko litzateke, agian, bai. Aurten, hala ere, uzta ona jaso dugu, baita iaz ere. Orain dela hiru urte, ordea, uzta txarra izan zen; hortik bost urteko planaren ideia hori... Izan ere, lurrari asko eskatzen badiozu, lehen urtean erantzungo dizu, baina hurrengoan, agian, ez du erantzungo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak