Urtarrilaren 11n hasiko dira barruko igerilekuetako sabaia konpontzen eta datorren urtean kuota maiatzetik aurrera hasiko dira kobratzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urt. 5a, 11:54

Ezohiko plenoa egin dute gaur goizean eta obrak asteko kreditu aldaketa onartu du udalbatza. Ondorioz, urtarrilaren 11n hasi eta maiatzera arte luzatuko dira sabaia konpontzeko lana, 390.000 euroko kostuarekin. Honekin batera erabaki dute eremu hezearen erabiltzaileek maiatzetik aurrera –igerilekuak zabaldu ostean– ordaindu beharko dutela urteko kuota; zenbatekoa proportzioan kalkulatuko da.

Musakolako barruko igerilekuen arazoak luze joko du oraindik. Obrak epe barruan zihoazen, esperotako moduan, baina lanak amaitu ostean sabaian aurkitutako arazoek maiatzera arte luzatuko dute erabiltzaileen itxaronaldia. Gaur goizeko ezohiko plenoan onartu da obrak hasteko kreditu aldaketa. Hau da, obra finantziatzeko prozedura onartu da Ogasun batzordearen bidez. Ogasun batzordeko buru den Juan Mari Sampedroren eta EAJ, EA, PP eta Aralar udal taldeen aldeko botoekin eraman da aurrera, plenoan bertan bozketarik egin gabe. Hala ere, EAJko Luis Mari Apraiz zinegotziak adierazi du sabaiko arazoa orain aurkitzeak "harritzekoa" dela: “Badirudi kudeaketak akats batzuk izan dituela" esan du Apraizek. Ino Galparsoro alkateak erantzun du arazoa orokorra dela: “Garai hartan egin ziren egitura horiek, eta orain arazo bera daukate”. Igerilekuko obretan proba batzuk egin zirela jakinarazi du alkateak, sabaiaren egoera aztertzeko. Bada, aztertu ziren zatiak egoera onean zeuden.
Gai beraren gainean beste erabaki bat ere hartu dute osokoan: Aukeako kuotak aldatzearena, hain zuzen. Erabaki horretan azpimarragarriena da eremu hezearen erabiltzaileek maiatzetik aurrera –igerilekuak zabaldu ostean– ordaindu beharko dutela urteko kuota; zenbatekoa proportzioan kalkulatuko da.

Erabiltzaileei pazientzia eskatu die Udalak

Musakolako barruko igerilekuetako sabaia konpontzea 390.000 euro kostako zaio Udalari eta Fryssinet S.A. izango da obra egingo duen enpresa. Patxi Arburua Obra Saileko arduradunak jakinarazi duenez, enpresa horrek egin zuen eskaintzarik "merkeena eta azkarrena". Enpresa horrek sabaiak giro oldarkor horretan –umeltasuna, kloroa...– hainbat urtez iraungo duela ziurtatu du. Erabiltzaileei, bestalde, pazientzia eskatu die Patxi Arburua eta Yolanda Perez de Arenazak Aukeako arduradunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak