Hiru egunetako etengabeko ekintza eta jolasen ostean, atzo itxi zituen ateak Arrasateko Txikilandia gabonetako jolasparkeak. Itxi gainera, modu berezian itxi zituen. Izan ere, aurten 20 urte bete ditu Txikilandiak eta hori dela eta omenaldi berezia jaso zuten urte hauetan zehar jolasparkea antolatzen ibili diren pertsonei.
Hala, garai ezberdinetan lan horietan ibilitako hainbat lagun igo ziren taula gainera, eta denei ere oroigarri bat eman ostean, Ane Zuazubizkarrek bertso bat eskaini zien eta ondoren, omenduek eta Txikilandian zeuden guraso zein neska-mutikoek, garai baten jolas parkearen ereserki izandako abestia kantatu zuten.