Musakolako igerilekuen sabaiak eragindako kalte berriak, hilaren 5eko ezohiko plenoan eztabaidagai

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urt. 4a, 13:32

Musakolako kiroldegiko barruko igerilekuetako obrek espero baino buruhauste gehiago sortzen ari dira. 2010eko ekainean hasi zituzten lanak, kanpoko igerilekuak zabalik zeudela aprobetxatuz, erabiltzaileei ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Baina obra gauzatzean espero ez ziren arazoek lanak atzeratu dituzte. Sabaian sortu dira arazoak azken egunotan, "inork ikusten ez zituenak", Patxi Arburua Obra Saileko arduradunaren arabera. Arburuak dio aurrerantzean sabaia segurua izan dadin obra "potentea" egin beharko dela. Obra horrek aurrera egingo duen edo ez erabakiko dute bihar, horretarako deitu duten ezohiko plenoan –pleno aretoan, 09:00etan–.

Igerileku nagusiaren sakontasuna murriztu da ura aurrezteko, inpermeabilizazioa hobetu da eta aireztatze sistema ere berritu da lan horietan. Baina obrarekin amaitzera zihoazenean ikusi dute irekiera atzeratuko duen arazoa: "Sabaiko plakak kentzen joan garen heinean konturatu gara goiko habe [bigak] batzuk ez zeudela egoera onean eta plaka horiek eusten zutela kaltetutako sabaiaren zatia" azaldu du Arburuak. Plaka horiek poliuretanoz egindakoak izan ohi dira. Honakoa ere gaineratu du Obra Saileko arduradunak: "Arazoa larria da, espero genuena baino potoloagoa, eta obra potentea egin beharko dugu sabaia epe luzerako segurua eta egonkorra izan dadin". Izan ere, lanak ondo amaitzea gura du Udalak, barruko igerilekuak urte askotarako erabilgarri egon daitezen. Horregatik pazientzia eskatu die Arburuak erabiltzaileei: "Badakigu igerilekua noiz zabalduko itxaroten ari direla, eta onartzen dugu kaltea handia dela. Pazientzia izan dezatela eskatzen diegu".

Bi edo hiru hilabete gehiago

Erabiltzaileendako ez da albiste ona, ez horixe. Obrak aurrera egiten duen edo ez bihar erabakiko da ezohiko osoko bilkuran. Arburuak aurreratu duenez, obra egitea onartzen bada beste bi edo hiru hilabetez izango dira bertan lanean, eta beraz, martxo aldera arte ezingo dira barruko igerilekuak erabili.

Arburuak, bestalde, adierazi du arazoa denboraz detektatu dutela, hau da, igerilekuak zabaldu aurretik: "Kontuan izan behar da obra hasi arte bertan izan den umeltasun maila altua eta kloroa; horrek eragin du sabaiko arazoa. Bada, zortea izan dugu orain arte ezbeharrik ez dela egon eta arazoa denboraz detektatu dugula".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak