Abenduaren 26an eman zitzaion hasiera Arrasateko III. Gabonetako Saskibaloi Txapelketari eta zortzi talde hiru egunez lehian ibili eta gero, Cornellá, Kataluniako taldea, nagusitu zen atzo jokatutako final handian.
Finalerako sailkatu ziren bi taldeak Euskadiko Selekzioa eta Cornellá izan ziren. Partiduko lehen minutuetan gainera, euskaldunak 16 eta 0 irabazten hasi ziren, baina kataluniarrek gogor jarraitu zuten eta 57 eta 50 emaitzarekin amaitu zuten.
Euskadiko Selekzioko taldekideak bigarren postuarekin konformatu behar izan dira aurten, hala ere, hurrengo astean Kordoban daukaten txapelketarako prestatzeko oso ondo etorri zaie Arrasateko txapelketa eta gustura daude egindako lanarekin.
Bestalde, kataluniarrek ez zuten espero garaipena eskuratzea, beraz, oso pozik gelditu dira lehenengo saria jasota. Baina Arrasaten pasatako 3 egunak ere ez dituzte berehalakoan ahaztuko.
Lehiakideak eta antolatzaileak, pozik
Lehiakideen aldetik, beraz, badago Arrasate beste behin bisitatzeko eta Gabonetan egiten den saskibaloi txapelketan parte hartzeko gogoa, eta antolatzaileen aldetik ere, aurretik egindako lanak eman du bere fruitua.
Mondragon Unibertsitatea, hirugarren
Arrasateko Mondragon Unibertsitatea taldekoak, berriz, hirugarren postuan gelditu dira. Herenegun Cornellá, talde irabazlearen, aurka jokatu zuten partidua galdu egin zuten eta Logroñoko Clavijo taldea garaitu ostean, podiumean amaitu dute.