Lara Gonzalez: "Nire diseinuak saltzeko denda bat izatea, atzean lanerako txoko bat duela, hori da nire ametsa"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urt. 25a, 01:00

Gaztea eta sortzailea da Lara Gonzalez (Arrasate, 1985). Gaur egun oso ondo baloratuta dauden bi ezaugarri dira, bai horixe. Argazkilaritza eta batez ere diseinua dira haren bizitzako ardatzak.

Goi mailako bi ziklo egin ditu: Salerosketaren Kudeaketa eta Marketina eta Arte Plastikoak eta Publizitate Grafikoa. Gonzalezen ametsetako bat da diseinu propioak saltzeko denda bat izatea, atzealdean lan egiteko txokoarekin.

Noiz konturatu zinen diseinuarena zela zure mundua?
Txikitatik jakin dut diseinatzaile izan gura nuela. Batzuek astronauta, suhiltzaile edo printzesa izan gura zuten neurrian, nik argi nuen diseinatzaile izan gura nuela. Nire panpina propioak egiten nituen eta paperezko milaka jantzi egiten nizkien panpinoi.

Txikitatik argi izan duzu, beraz. Zure ametsa bete egin duzula esan daiteke?
Horretan nabil, nire ametsa eraikitzen. Espero dut egunen baten nire diseinuak ezagunak egitea; hala ere, badakit aurretik lan handia daukadala.

Zein da zure diseinatzailerik gustukoena?
Moda diseinatzailerik ez dut segitzen, eta diseinatzaile grafikoen artean David Carson diseinatzailea aipatuko nuke, harrigarria da benetan Carsonek tipografiekin egin dezakeena.

Handia eta zabala da diseinuaren mundua. Zerk erakartzen zaitu gehien mundu horretatik?
Kalean ikusten dugun guztia da diseinua eta zerbaitetan espezializatu beharra dago. Niri diseinu grafikoak erakartzen nau gehien, eta horretan egin izan dut lanen bat edo beste. Esaterako, Arrasateko Toñi ile-apaindegiko logotipoa nik diseinatu nuen.

Zer da zure eguneroko bizitzan diseinatzen duzuna?
Azkenaldian, osagarriak diseinatzen espezializatu naiz. Besteak beste, diademak, belarritakoak, lepokoak eta poltsak egiten ditut. Laster kamisetak diseinatzeko asmoa daukat, ea erronka horri heltzen diodan...

Osagarriak diseinatzen diharduzu jo eta ke. Garrantzitsuak dira?
Nik uste dut norberaren itxura hobetzeko orduan eragin handia izan dezaketela. Bakero batzuk eta edozein kamiseta jantzita ere, osagarri egokiak jarriz gero, oso txukun joan daiteke. Arropa berbera osagarri ezberdinekin konbinatuz arropa aldatu egiten dela eman dezake.

Zein izan da gehien saldu duzun osagarria?
Diademak, zalantza barik. Orain arte hobekien saldu ditudanak izan dira. Diademez gain, egun, kameuetan –camafeo– dut jarrita esperantza.

Zure diseinuen berri izan dut zure blogean: laraslostdesigne.blogspot.com-en, hain zuzen. Zertarako sortu zenuen txoko propioa sarean?
Nire lanak jendeari erakusteko bitarteko moduan erabiltzen dut  Internet. Blogaz aparte sare sozialak ere erabiltzen ditut eta nire ahizpek egiten didaten promozio lana ere garrantzitsua da, zalantza barik.
Bestalde, argazkilaritza asko gustatzen zait eta nire bigarren zaletasun horren berri emateko ere Internet erabiltzen dut: nire argazkiak ikusteko Flickr-eko kontua bisita dezakezue: www.flickr.com/photos/y_viceversa

Zure lana ezagutarazteko Internet duzu medio nagusi. Salerosketarako ere sarea erabiltzen duzu?
Internet bidez ere saltzen ditut osagarriak: blogean bertan irakur daitekeenez, osagarriren bat gustuko duena nire helbide elektronikoaren bidez jar daiteke harremanetan. Hau da nire helbidea: garabateadesign@hotmail.com.
Internetez gain, Arrasateko Toñi ile-apaindegian eta Aretxabaletako Irudi ile-apaindegian ere eros daitezke nire osagarriak.

Internet eta Arrasate eta Aretxabaletako bi ile-apaindegi horiek dira zure salmentarako txokoak. Noizko zure denda propioa?
Nire ametsetako bat da. Nire diseinuak saltzeko denda bat izatea oso ondo legoke. Eta dendak atzealdean lanerako txoko bat balu, borobila litzateke!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak