Motxo txerramaren zain Santamasei heltzeko

Jon Berezibar 2010ko abe. 21a, 16:11

Etxafuegoak gaur 18:00etan eta festak ez du geratzerik izango biharamuneko azoka egin eta hurrengo goizaldera arte. Protagonista gaur Motxo da, 350 kiloko txerrama arabarra. 19:00etan ekarriko dute Herriko Plazara. Herri bazkariko txartelei dagokienez, oraindik ere bakan batzuk saltzeko daude Bengoa tabernan 18 eurotan. Egitaraua eta ekintzen kokapena azpian eta xehetasun guztiak Santamasak.com-en.

Gaurko egitaraua (abenduak 21)


Ikusi Santamasak 2010 - Abenduak 21 mapa handiago batean


Ikusi Santamasak 2010 - Abenduak 21 mapa handiago batean

Santamas eguneko egitaraua (abenduak 22)


Ikusi santamasak 2010 - Abenduak 22 mapa handiago batean


Ikusi santamasak 2010 - Abenduak 22 mapa handiago batean

Elkarrizketa

Hodei Guridi, Santamas Komisiñue

Urtero egiten duzue baserritar jantzia armairutik atera eta guztiok janzteko gonbidapena baina dagoeneko ba al dago beharrik? Nahikoa sustraitua dago hori behintzat, ez?

Badira urte batzuk jende guztia, ala gehiena, janzten dela. Hori bakarrik ez, uste dut jendea gainera saiatzen dela egitarauan jasotako guztia ikusten, aukera guztiak aprobetxatzen, eta orokorrean gustura ibiltzen direla uste dut. 

Jai herrikoia izanik, duda barik arrasatearrentzat, baina ingurukoei ere luzatuko diezue gonbidapena.

Noski. Arrasatearrentzat egun oso berezia da baina besoak zabalik hartzen ditugu bisitari guztiak.

Herrikoia eta partehartzailea. Jende askok kolaboratzen du Santamasetan, ez?

Zalantza barik egitarau zabal eta aberats hau ezin izango litzateke bete bai, Udalak, batetik, eskura ipinitako guztia emango ez balu eta baita ere, bestalde, herriko kultura talde gehienek hartzen dutelako parte. Santamas Komisiñuarekin bat, beste biek ez balute hain beharrezkoa den lan hori beteko jaiak ez luke aurrera egingo. Hortaz, guztiek eginiko lana eskertu besterik ez dugu. 

Zenbat lagunek hartzen duzue parte hau guztia antolatzen?

Ezinezkoa zait kopurua esatea; jende asko! Egitaraua bera partehartze itzel horren isla dela esango nuke. 

Bihar da egun handia eta zuentzat egun lanpetua.

Ni bihar goizeko 7:00etan kalean izango naiz abereentzat guztia prest uzten, erakusketa gertatzen eta gero herriko plazan gauzatuko diren ekitaldien inguruan ibiliko naiz. 

Hasi baina, jaia gaur hasiko da, 18:00etan etxafuegoekin. Urduri al zaudete?

Gustura gaude, pozarren jaiak hastear direlako baina nerbioak ezin ekidin. Guztiaren gainetik baina ilusioa dago.

Gaurko protagonista Motx txerria da. Aurkez iezaiguzu.

Arabako Añua herritik dator aurten, 350 kilo du, nahiko handia da, beraz. Arratsaldeko 19:00ean eroango dugu plazara, 21:00ak arte. Beihar egun guztian zehar ibiliko da herritik. 

Etxera baina ezingo du onirk eroan, saria dirutan banatuko baituzue aurten.

Hala da. Eta nahi duenak badaki zer egin behar duen: txartela erosi eta zortea aldeko izan. 

Dagoeneko hasiak zarete baina saltzen, ezta?

Bai, eskuz esku saldu izan ditugu orain arte baina arratsaldetik aurrera txerriaren inguruan ibiliko dira errifak saltzen. Zozketa bihar 20:00ean izango da, Herriko Plazan. 

Txartelak aitatuta, herri bazkarikoak non lor daitezke?

Bazkaria Santamasetan jaiaren zati handi bat izatera bilakatu da. Herritarrak, parte-hartzaileak, antolatzaileak… hara joaten dira. Giro oso-oso polita egoten da. Oraindik geratzen da lekua eta ticket batzuk Bengoa tabernan daude salgai. Urtero moduan kalejiran joango gara bazkarira baina aldaketatxo batekin. Aurten, erdiko bidetik barik, goiko pasealekutiko joango gara, bide gorritik, errepidean oztopatzen ibili gabe. Giroa ezin hobea da ze nabari da jendeak oporrak hartu eta poz guztia askatu gura duela.

Girotzerik egongo da bazkarian?

 Herriko zenbait kultura taldek egingo dituzte saioak.  Ostean erromeria egongo da.

Eta hori eta gero pelota jaialdia. Nekatuta helduko dira pelotazaleak!

Horren ardurarik ez dago. Gogoan izan behar da baita ere Mauri Zubillagari omenaldia egingo zaiola, urtetan eginiko lanaren esker onez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak