Parkea bukatuta, zubia bakarrik falta da Zaldibarko oinezkoen ibilbidea osatzeko

Ubane Madera 2010ko abe. 20a, 12:41

Iragarritako data bete (abenduaren 15a), eta bukatu dituzte Zaldibarko oinezkoen ibilbideari dagozkion parkeko lanak. Joan den eguenean dagoeneko trasteak batzen zebiltzan obrako langileak, eta lorezaintzakoak, berriz, bertako lorategietako zuhaitzak landatzen (gereziondoak, gaztainondoak…). 

Behin hori eginda, Nafarroa etorbideko zatiari dagozkion eginbeharreko guztiak bukatuta utziko dituzte.  

Pergola eta skate parkea

Parkearen zatirik deigarriena, duda barik, egurrezko pergola da. Ondoko argazkiak erakusten duen moduan, parkea alborik albo zeharkatzen du.

Aterpe ederra eskaintzen du, gainera, pergola horrek ospitale edo INEM ingurura joan behar duten oinezkoendako.  

Gazteendako, baina, seguru, zatirik erakargarriena skate parkea izango dela, parkearen bazter batean eraiki dutena, pergolaren ondoan. "Dagoeneko estreinatu dute, ezin izan dute itxaron", kontatu dute obrako langileek, oraindik hesituta dagoen parkea seinalatuz. 15x8 neurtzen du skate parkeak, eta Zut enpresa bizkaitarrak diseinatutakoa da.

Jarleku ugari eta aparkalekua

Arrasateko parke berri horretan ipini dituzten bestelako elementuen artean, esaterako, jarlekuak ere badira: binakakoak, banakakoak, taldekoak… baita iturria ere; eta jakina, aparkalekuak, inguru horretan horren preziatuak diren aparkalekuak. 

Hain justu, Lantegi Eskolaren atzeko partean 22 aparkaleku egokitu dituzte, eta baita bizikleta eta motorrendako bi aparkagune ere.

Zubia faltan

Gauzak horrela, Zaldibarko oinezkoen ibilbide berri osoa bukatzeko, Gelmako bizigunea Zaldibarrekin lotuko duen zubia ipintzea faltako da. Obenerreka enpresaren esku dago hori, eta Carlos Martin aparejadoreak emandako xehetasunen arabera, ustekabekoek eraginda, atzeratu egin da zubiaren eraikuntza: urtarrilaren 11n ekarriko dute Arrasatera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak