Erdigunean gaztetxokoa egiteko proiektua landuko dute gaur, tokiko gobernu batzarrean

Ubane Madera 2010ko abe. 20a, 11:18

Erdigunean gaztetxokoa egin ahal izateko dirulaguntza eskuratzeko zain zegoen Udala, eta Obra Saileko iturriek emandako xehetasunen arabera, paper batzuk falta zaizkien arren, espero dute dirulaguntza eskuratu egingo dutela.

Kontuak kontu, bien bitartean Udalak aurrera jarraitu du proiektuarekin eta egin egingo dute gaztetxokoa erdigunean. Hain zuzen ere, gaur egun AED eta Ekin elkarteak dauden lokala egokituko dute horretarako, Pablo Uranga kalekoa, beraz. Eta horretarako 296.000 euro erabiliko ditu Udalak.

Dirulaguntza emateko Jaurlaritzak ezarritako baldintzaren arabera, egokitzapen obrak urtea bukatu baino lehen hasi beharko dituzte. Eta bukatzeko, berriz, bost hilabeteko epea izango dute.

Kanpantzar Harrobiaren errekurtsoa

Gaztetxokoaren gaiaz gainera, beste asko ere baditu aurreikusita udal gobernuak gaurko batzarrerako. Batzuk aipatzearren, adibidez, Kanpantzar Harrobiak jarritako berraztertzeko errekurtsoa aztertu beharko dute agintariek. Hain justu, harrobiaren kontra Udalak abiarazitako zigor espedientea dela-eta jarri dute harrobikoek berraztertze errekurtso hori.
 
Horrekin batera, ospitale ondoan dagoen Biurturen pabilioi zaharra eraisteko proiektuaren adjudikazio proposamena ere aztergai izango dute. Iturbide egoitzan larrialdietako eskailera eraikitzekoa ere bai, eta beste gai bat aipatzearren, aurtengo asfaltatu planen adjudikazioa ere erabaki beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak