Txalo zaparra itzela jaso zuen 'Iragana iragan', Dokeren azken antzezlanak

Arritxu Barruso 2010eko abenduaren 19a

Doke antzerki taldeak zapatu iluntzean estreinatu zuen Iragana iragan antzezlana Arrasateko Amaia antzokian eta bertaratutakoen barre algarak ateratzea lortu zuten. Aktoreek lan bikaina egin zuten eta antzezle profesionalei inbidiarik ez edukitzeko moduko emanaldia egin zuten.

Mondragon ala Arrasate? Binomio gatazkatsua izan ohi da eta horixe da Doke antzerki taldearen antzezlan berriak planteatzen duen dilema. Mondragon hiria sortu zeneko 750 urteurrena umore kutsuarekin ospatu nahi izan dute Dokekoek Iragana iragan atzezlanarekin. Identitateaz hitz egiten digu Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzitako eta Itziar Rekaldek zuzendutako antzezlanak; herrien eta herritarren identitateaz, besteak beste.

Ordubeteko emanaldiaren ostean taula gainean jardundako hamabi aktoreek ikusleen esker on zintzoa jaso zuten. Txalo zaparrada itzela izan zen eta baita muxu eta besarkadak ere.

Debagoienean bira txikia

Arrasateko estreinaldiaren ostean herritik kanpo ere taularatuko dute antzezlan berria Gabonetan; Doke antzerki taldekoak Aramaioko kultura etxean izango dira abenduaren 26 eta Aretxabaletako Arkupen, berriz, abenduaren 30ean. Bi herrietan ere emanaldiak 20:00etan izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak