Beñat Arnaiz aretxabaletarra eta Estela Biain oñatiarra azkarrenak

Oihana Elorza Gorostiza 2010ko abe. 19a, 19:19

162 nagusik eta 67 gaztetxok hartu dute parte Santamas krosean. Koadriletan, Antxintxiketan mutilen kategorian eta Eutsi Korrikalari emakumeenetan izan dira irabazleak.

Bakarrik egin du ia lasterketa guztia Beñat Arnaiz aretxabaletarrak. Berehala atera die distantzia bigarren eta hirugarrenari eta eroso irabazi du Santamas krosa. 21 minutu eta 49 segundotan egin ditu herri barruko zirkuituak zituen sei mila eta 400 metroak. Bigarrena 50 segundotara sartu da, eta hirugarrena, 54ra.

Guztira 162 lagunek hartu dute parte nagusien lasterketan eta 152k bukatu dute. Aurreko urteetan bezala, lagun giroan, koadrilan, egin zuten askok lasterketa eta ez dute animazio faltarik izan ibilbide osoan. Aste barruan udaltzain, administrari, publizista, irakasle edo kirol teknikari lanetan ibiltzen direnak ere korrika ikusi ditugu domeka goizean.

Garibain ezustekoa

Garibain izan da lasterketako ezusteko bakarra. Autobus bat geralekutik ateratzen hasi da, korrikalariak zetozela konturatu barik, eta lasterkariak eurak esan diote gelditzeko, oihu eginez eta eskuekin autobusa kolpatuz.

Estela Biain oñatiarra izan da nagusien lasterketako lehen emakumea helmugan sartzen. Beteranoetako trofeoak, berriz, Jabier Irazabal eta Ane Zabalak irabazi zituzten.

Eutsi Korrikalari

Eta koadrilendako sariak ere izan dira aurten. Mutilen kategorian, Antxintxiketan, Korrikalari eta Beti Gazte lagunarteek irabazi dituzte bildotsa, untxia eta oilaskoak, hurrez hurren. Emakumeenetan, berriz, Eutsi korrikalari, Beti Gazte eta Mabel koadrilendako izan dira sariak. Korrikalari guztien artean beste 60 sari zozketatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak