Gaur, eguena, itxi dute erakusleiho lehiaketa

Ubane Madera 2010eko abenduaren 16a

Ibai Arte elkartean dauden merkatari guztiak modu automatikoan apuntatzen dira Gabonetako erakusleiho lehiaketan, beraz, 160 merkataritik gora ditu dagoeneko Kultura Sailak lehiaketako zerrendan. Hori bai, horietatik mordoxka bat ezabatu egiten ditu epaimahaiak, izan ere, saltoki edo negozio askok ez dituzte erakusleihorik: tabernek eta banketxeek, adibidez. 

Dena den, Ibai Arteko kideez gainera, beste saltokiren batek zein bestek ere eman du izena aurtengo lehiaketan.

Datozen egunotan, eta bereziki, asteburuan pasako dira epaimahaikideak erakusleihoak ikusi, eta zelanbait “nota” ipintzera. Hiru lagunek osatzen dute epaimahai hori: Ibai Arteko batzordeko ordezkari batek, Eroskiko kontsumitzaileen batzordeko ordezkari batek eta Kultura Saileko beste ordezkari batek.

Kontuan hartuko dutena izango da eskaparatea dekoratzerakoan izandako irudimena, originaltasuna, mezu publizitarioaren baliagarritasuna, erakusleihoaren itxuraren kalitatea eta Santamas eta Gabon giroarekin duen zerikusia.

Santamas bezperan

Ohi moduan, abenduaren 21ean egingo dute sari banaketa, udal ordezkariak saltoki irabazleetara bertara joanez. Sariak, berriz, honako hauek izango dira: 1. saria: plaka eta 300 euro; bigarren saria plaka eta 250 euro eta hirugarrena plaka eta 200 euro. Azken hori Ibai-Arte merkatari elkarteak emango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak