Euro batetik 15era arteko bigarren eskuko arropa eta osagarri mordoa saldu dute

Usoa Agirre 2010ko abe. 13a, 15:16

Gustura daude Arrasateko Portaloira taldekoak; gustura, asteburuan egindako bigarren eskuko azoka ondo joan delako. Batutako dirua euskal presoei laguntzera bideratuko da –hori da azokaren helburu nagusia– eta saldu barik geratutako arropa mojei-edo emango diete.

 

Zamarrak, jertseak, kamisetak, galtzak, poltsak, bufandak... aurkitu genituen saltokian, euro batetik 15era arteko prezioan denak; eta 3x2 eta merkeena opari moduko eskaintzak ere ikusi genituen. CDak euro baten eta liburuak bitan eskuratu zitezkeen eta azokan egindako denboran bat baino gehiago ikusi genuen horiei harretaz begira. Bigarren eskuko materiala ez ezik, berria erosteko aukera ere egon da seigarren edizio honetan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren materiala: kamisetak, amantalak, mendiko makilak...

Herritarrak ere pozik

"Jertseak, kamisetak edota poltsak  oso ondo saldu dira, galtzak gutxiago. Eta denetariko jendea etorri da, baita umeak eta etorkinak ere", azaldu digu Portaloira taldeko Lorea Azkaratek. Asteburu lehorra baina hotza izan da pasa berri dena eta, azokara hurbildutakoei berotzen laguntzeko, salda beroa ere banatu dute antolatzaileek. Ikustera eta erostera gerturatutakoek eskertu dute detailea, noski, eta eskertu dute azoka bera antolatu izana ere: "Armairuan garbiketa egin eta erosketak merke egiteko aukera ematen du", kontatu digute bat baino gehiagok; eta "Tamalez, euskal presoei laguntzeko, hamaika ekintza antolatu beharrean gaude oraindik", beste batzuk. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak