Santamasetako erakusleihorik onenak erabakitzeko sariketa asteon hasiko da

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko abenduaren 13a

Gabonak gainean ditugu, nahiz eta Arrasateko kaleek ez duten hori erakusten. Izan ere, Udalak erabaki du aurten Gabonetako argiteriarik ez jartzea, krisia dela-eta. Iaz argi gutxi ipini zituzten, hiru kantoietako arkuetan nagusiki.
Bada, aurten udal agintariek argirik ez jartzea erabaki dute,  iazko emaitzarekin ez zirelako gustura geratu. Hortaz, Arrasateko kaleek inoiz baino apaindura gutxiago izango dute aurten. Hala ere, krisiak krisi, Santamasetako erakusleiho lehiaketak ez du hutsik egingo.

Udalaren Kultura sailak antolatuta, asteon hasiko da lehiaketa, abenduaren 16tik 21era arte, hain zuzen. Bost egun horietan erabakiko du epaimahaiak zeintzuk diren erakusleiho onenak. Horregatik gomendatu dute antolatzaileek eskaparateak argiztatuta izatea lanegunetan denda itxi arte, eta jaiegun eta bezperatan, 21:00ak arte. Sari-banaketa Santamas bezperan, abenduaren 21ean, egingo dute, 18:00etan.
Izena emateko azken eguna etzi izango da, abenduak 15. Arrasateko denda guztiek har dezakete parte lehiaketan eta izena emateko modurik egokiena da honako telefono honetara deitzea: 943 25 20 20.

750 euro saritan
Epaimahaiak honako ezaugarri hauek hartuko ditu kontuan erakusleiho onenak aukeratzeko orduan: irudimena, orijinaltasuna, publizitate-mezuaren baliagarritasuna, erakusleihoaren itxuraren kalitatea eta Santamas eta Gabon giroarekin duen zerikusia. Urtero errepikatzen diren irizpideak dira.
Sariei dagokienez, guztira 750 euro banatuko dira: lehenarendako 300 euro, bigarrenarendako 250 euro eta hirugarrenarendako 200 euro –azken sari hori Ibai-Arte merkataritza elkarteak emango du–. Diruaz gain plaka oroigarri bat ere jasoko dute hiru denda onenek. Hori bai, epaimahaiak sariren bat hutsik uzteko aukera izango du. 

Iazko erakusleiho onenak
Iaz Anes zapata denda izan zen irabazlea. Bigarren saria Otamendi harategiak irabazi zuen –2008an lehen saria irabazi zuen– eta hirugarren saria, azkenik, Txuntxurunberde haurrendako oinetako eta zapata dendarendako izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak