Ikastaro teorikoa izan da. "Lasterketak ikusi ditugu", azaldu du saio amaieran Gipuzkoako Atletismo Federazioko Maite Stern epaileak. "Oso pozik nago etorri den jende kopuruarekin; 12 bat lagun espero genituen eta 20 bat animatu dira. Egia da epaileak behar ditugula, baina ikastaroak balioko du ere atletek arauak hobeto ezagutzeko, eta hori ez da gutxi!".
Musu-truk egiten dute lan Gipuzkoako Federazioko epaileek. "Batzar bat baino gehiagotan atera da gaia eta beti gailendu da ez kobratzearen aldeko erabakia. Baliteke horrek lotura izatea epaile berriak lortzeko ditugun zailtasunekin, baina gurea federazio txikia da eta kontuan hartuta atletismo jaialdi bakar baterako 18-20 epaile behar direla... ba atera kontuak", azaldu du Stern epaileak.
Ikasleak gustura
Arrasateko atletismo elkarteko kideak, atleta gazteak, bailarako lasterkari ezagun bat edo beste... askotariko parte-hartzaileak zeuden gaur goizeko saioan. Ainhoa L., Maider, Kevin, Ainhoa G eta Markel 16-17 urte bitarteko atletak dira, arrasatearrak. "Gauza berri asko ikasi ditugu", adierazi dute. "Egia da parte hartzen dugun probetan epaile gehienak nagusiak direla. Momentuz, zer eskatzen duten ikusiko dugu eta arauak hobeto ezagutzeko aukera emango digu ikastaro honek".
Ritxar Fernandez lasterkari oñatiarra ere zapatuan Mojategin egindako ikastaroan izan da. "Atletismoa bizi dugunok argi dugu esku bat bota beharra dugula. Poliki-poliki lasterketetan hasita nago berriro ere, baina baliteke aurrerantzean noiz edo noiz epaile lanak egitea".
Asmoa da beste bi saio egitea. "Ez dira guztiak teorikoak izango", adierazi du Arrasateko atletismo taldeko kide Jon Ormaetxeak. "Lasterketa bati hasiera nola eman edo foto-finisha nola egin bertatik bertara ikasi beharreko gauzak dira", gaineratu du ikastaroko gidari Maite Stern epaileak. Gipuzkoan 90 atletismo epaile daude; benetan aktiboak, berriz, 45. "Arrasaten instalazio zoragarriak dituzue", adierazi du Sternek. "Zukua ateratzeko epaileak behar ditugu".