'Motxo' txerria, krisiari aurre eginez eta egitarauari eutsiz dator

Maider Arregi 2010ko abe. 11a, 14:42

Abenduaren 22an, Santamas egunean, baserritar jantzita kalera irteteko deia egin du Udalak, Santamas Komisiñuak eta herriko hainbat kultura taldek, elkarrekin. Azpimarratu gura izan dute, egitaraua "herritar guztiendako eginda dagoela eta jaiak herriarekin eta herriarendako egin dituztela". Hala, elkarlanean, krisiari aurre egin eta Krixis txerria gogoan dutela, iazko egitaraua mantentzea lortu dute. Motxo txerriarekin batera, aurkeztu dute aurtengo egitarau oparoa eta zabala. Hemen Santamasetako egitarau osoa.

Santamas Komisiñuak eta herriko hainbat kultura taldek azpimarratutako ekitaldien artean, abenduaren 18an, KULKI, Kultura eta Kirola, taldearen eskutik, 12 urtera artekoendako meatzarien jolasen jaia egingo da aurten. Abenduaren 20an, berriz, Baserria Euskal Herriko paisaian hitzaldia izango da Kulturaten, 18:30ean. Auzolanaren garrantziaz ere jardungo dute. Abenduaren 21ean, Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren eskutik Motxo txerria aurkeztuko da herriko plazan.
Abenduaren 22an, txistorra eta taloa dastatzeko eguna eta azoka eta ganadu ferian ibiltzeko aukera izango da, besteak beste. Aurten, gaztetxoek ponien gainean ibiltzeko aukera izango dute lehenengoz. Hemen Santamasetako egitarau osoa.


Gabonetako egitaraua
Txoronpio eta Txoronpia, hilaren 24an, eguerdi partean, herriko auzoetan barrena ibiliko dira, Olentzerorendako gutunak jasotzen. Olentzero, aldiz, Bedoñatik abiatuko da 18:30ean, eta herriko kaleetan ibiliko da txikitxoenen gozamenerako. Aipatu, haurren eskaerei erantzunez, zeliakoendako gozokiak banatuko ditu ibilbidean barrena. Gainera, Olentzeroren atzean joan nahi dutenek abesten joateko aukera izango dute eta horretarako entseguak egingo dira Goikobaluko egoitzan. Bestalde, Santamasak eta Gabonak irudi berriarekin ikusi ditugu sarean. Hala, egitaraua eta informazio guztia webgunean duzue: santamasak.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak