Ane Lur Garin: "Arizmendiko futbol txapelketak indarra hartu du eta erreferente bilakatu dela esan daiteke"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko abe. 13a, 08:28

Kadete eta infantil mailetako partiduak abenduaren 30ean izango dira; eta senior mailakoak abenduaren 31n. Ane Lur Garin Arizmendiko irakaslea da, eta txapelketa antolatzen dabil. Gainera, jokalaria ere bada. Garinek Debagoieneko selekzioarekin jokatuko du.

Aurten seigarren urtez jarraian egingo duzue futbol txapelketa.
Gabonetako nesken futbol txapelketa nesken futbola promozionatzeko modua da. Lehen, lau katu joaten zen nesken futbola ikustera, baina gero eta garrantzi handiagoa hartzen dabil.

Gainera, esan dute Super Ligako jokalariak etorriko direla.
Berez, talde nagusiak datoz. Egia da normalean jokatzen ez duten jokalariak ere etorriko direla, eta horiek jokatzeko aukera izaten dutela horrelako txapelketetan, gainerakoen lesioak edo ekiditeko… Baina esan digute atseden luzea dutela ligan eta eurei ere ondo datorkiela ligako erritmoa ez galtzeko.

Txapelketarendako ona da horrelako taldeen presentzia.
Bai, interes handiagoa pizten dute. Bestalde, jokalari moduan berba eginda, Debagoieneko selekzio moduan, maila horretako jokalarien eta taldeen aurka jokatzea ohorea da, edo, behintzat, interesa pizten du. Ligan ez dugu horrelako maila duten taldeen aurka jokatzeko aukerarik izaten.

Zein da txapelketa hau antolatzearen helburua?

Hasieran helburua zen nesken futbola bultzatzea, txapelketa gehiago egitea eta balio handiagoa ematea nesken futbolari. Gaur egun nesken talde mordoa daude, eta orain tradizio bilakatu da Arizmendiko txapelketa. Helburua, baina, beti izan da nesken futbolari garrantzia ematea eta erakustea hor gaudela.Gainera, ligaz aparte txapelketa gutxi egoten dira eta txapelketa honek jokatzeko aukera hori ematen du.

Zelako harrera izaten du txapelketa honek?
Egia esan, jokalariak ilusioz joaten dira. Aurkariak Euskal Herriko jokalari onenetarikoak izaten dira, eta uste dut beti giro ona sortzen dela. Gainera, tentsioa sortzen du maila handiagoko jokalariekin jokatzeak: %110 ateratzen digute.

Nola azalduko zenuke zelakoa den nesken futbola? Mutilen futbolarekin alderatuta ezberdina dela esango zenuke?
Nik badakit teknikoki eta intentsitatez mutilena baino baxuagoa dela, baina gustuko baduzu, azken finean futbola da eta horregatik egiten da txapelketa hau, ikusteko futbola dela. Mutilen futbolak beti du intentsitate eta teknika handiagoa, ezin dira konparatu. Nesken futbolean maila ezberdinak konparatu ahal dira, baina ezin da mutilarenarekin alderatu; agian, hori da akatsa.

Sei urte hauetan nola eboluzionatu du txapelketak?
Hobera joan da. Urtero egiten den zerbait da, eta hasieran zerbait abstraktua zena nik uste dut ilusioa egiten duen txapelketa bilakatu dela. Indarra hartu du eta, horrez gainera, erreferente bilakatu da.

Debagoieneko selekzioan zaude; entrenatuko zarete?
Bi egunez entrenatuko gara. Balioko digu harremanak egin eta elkar ezagutzeko.

Nolako taldea du Debagoienak?
Egin dugun zerrendarekin beldurra emateko moduan gaude, sorpresa eman dezakegu; gogoa jarriz gero, behintzat, bai. Hala ere, jokalari onenekin etortzen badira, sufritu egingo dugu.

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Aurkeztu dute txapelketa
Senior mailako txapelketa Super Ligako Realak, Athleticek eta Eibarrek eta Debagoieneko selekzioak jokatuko dute abenduaren 31n. Mondra, Arizmendi eta Bergarako neskak hautatu dituzte partidurako; orain, neskek euren onarpena eman beharko dute partidua jokatzeko. Aurtengo nobedadea da Debagoieneko selekzioak kamiseta atera duela partidua jokatzeko. Infantil eta kadete mailetako partiduak izango dira abenduaren 30ean, goizez eta arratsaldez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak