Jolasparke estalia eskatu du guraso talde batek, neguan umeek ez dutelako non ibili

Ubane Madera 2010ko abe. 9a, 17:05

Proposamen zehatza ere egin diote Arrasateko Udalari: Uarkape frontoia zabal dezala, umeek bertan jolas dezaten. Eta egunero ez bada, astean hirutan zabaldu dezala eskatu diote. Uarkape ezin bada, berriz, Caixako parkea estali dezala edo parke berria egokitu dezala eta antzerako ideiak eman dizkiote Udalari, uste dutelako ume txikiek ez dutela non egon neguko eguraldi txepelarekin. 

"10 guraso-edo izan gara iniziatiba hartu dugunok, baina beste askorekin berba egin dugu gai honi buruz parkeetan,  eta badakigu beste asko daudela ados", kontatu du Maria Ubarretxenak, Udalari eskaera aurkeztu dion gurasoetako batek.

Guraso horiek uste dute ume txikiek ez dutela aukera handiegirik Arrasaten: "Arkupeez aparte, ludoteka primeran dago, baina gure haurtxoak txikiak dira eta ezin dira joan. Eta Kulturate oso ondo dago, baina liburutegi bat da eta umeek aktibitate fisikoa ere behar dute. Horrez aparte Arrasatek daukan biztanle kopururako pobre gelditzen dela pentsatzen dugu", gaineratu dute. 

Urretxu, Azpeitia, Durango…

Adibideak ere badituzte guraso horiek: "Urretxuko adibidea gertutik ezagutzen dugu eta badakigu han fenomeno funtzionatzen duela. Adin guztietako umeak ibiltzen dira han jolasten, gurasoek ere badute egoteko aukera, doakoa da… beste adibide batzuk ere badaude: Azpeitiko parke estalia, Durangon Durangoko liburu azokako eraikinean parke bat egin dute eta zaintzailea dago, botikina, ziburuak, gurasoak egoteko bankuak… hori da primerakoa. Baina guk pentsatzen dugu Uarkape Udalarendako errazena izango dela. Eta egia bada frontoiaren erabilpena %100ekoa dela, ba agian parke estali bat-edo sortu beharko litzateke", gaineratu dute.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak