Nere Arregi: "Antxintxika egiten hasteko eta gustua hartzeko ez da erlojuari begira egon behar"

Apustu bat tarteko hasi zen Nere Arregi arrasatearra maratoiak egiten. Azaroaren 28an Donostian jokatutako maratoian ibarreko neska onena izan zen Arregi. 3:26:04ko denbora egin zuen arrasatearrak.

Nola planteatu zenuen Donostiako maratoia?
Lau hilabete lehenago hasi nintzen entrenamenduekin. Baina, azken momentura arte zalantzan egon nintzen parte hartu edo ez; izan ere, gaixorik egon nintzen. Urgentzietara ere joan nintzen aurreko domekan.
Esperantzak galdu nituen, baina azkenean erabaki nuen hainbeste entrenatu ostean merezi zuela joatea. Hala, poliki-poliki joan nintzen eta helburua lortu nuen.
Arkaitz nebarekin batera egin zenuen lasterketa.
Bai, hasieran aurre hartu ninduen, baina azkeneko momentuan harrapatzea lortu nuen.
Espero zenuen horrelako emaitzarik egitea?
Ez, ez nuen espero horrelakorik. Gaizki egon nintzenez, esperantza galduta nuen. Maratoirako entrenatzen lau hilabete lehenago hasi nintzen, eta guztira 900 kilometro inguru egin ditut.
Egunero entrenatzen zara?
Astean bost egun entrenatzen naiz, ez gehiago. Gimnasioan egiten dut lan; hortaz, spinning edo horrelako ikastaroak ematen ditudanean ez naiz korrika egitera irteten.
Maratoiaren aurretik, Behobia egin zenuen?
Ez, nuen egin. Maratoirako indarrak gorde gura nituen. Egin nuen azkena Donibane-Hondarribia izan zen, 21 kilometrokoa. Nahiko gogorra da, eta gustura geratu nintzen, ondo atera zitzaidan.
Bestalde, Arrasate-Oñati eta antzerako lasterketak ere egin izan ditut.
Maratoiarekin bukatutzat emango duzu denboraldia?
Ez, orain Gasteizko maratoi erdia egingo dut. Gero ez dut beste zer egingo... otsailera arte atseden hartuko dut. Ondoren, Bilboko maratoiarekin hasiko naiz. Maiatzean izaten da Bilbokoa.
Nola hasi zinen lasterketetan parte hartzen?
Etxean denek egin izan dute antxintxika. Txikitan, amarekin hasi nintzen, baina belauneko arazoak izan nituen eta operatu egin behar izan ninduten. Gero, berriro hasi nintzen antxintxika zzeta Bergarara joan nintzenean lan egitera, han sartu zidaten zorakeria.
Apustu kontua izan zen: ezetz egin hau, edo bestea... Egia esan, ordurako egiten nuen korrika, baina nire kontura: Aretxabaletara, San Prudentziora...
Zer dauka atletismoak horrela lotzeko?
Presioa kentzeko balio du... haserre guztiak asfaltoaren gainean uzteko. Gainera, gero eta hobeto baldin bazabiltza...
Entrenatzaile partikularrarekin zabiltza?
Bergarako lagun batek egiten dit entrenamenduak. Apustua bota zidan berberak...
Debagoieneko emakumeen artan zu izan zara azkarrena. Nola ikusi zenuen emakumearen presentzia maratoian?
Egia esan, Donostiako maratoian emakume asko zeudela iruditu zitzaidan. 3000 lagunetik gora ginen eta emakumeak 200 inguru izango ginen. Maratoietan parte hartzen duen jendea nagusiago izaten da, horregatik uste dut nahiko emakume egon zirela Donostian.
Arrasaten eta Bergaran egin izan dira emakumeak antxintxika hasteko ikastaroak. Zer iruditzen zaizkizu horrelakoak?
Zerbait ezagutzen dut baina ez ni naiz hor sartu. Nik ikusten dut oso zentratuta daudela seriek eta horrelakoak egiten. Eta, nire ustez antxintxika hasteko eta gustua hartzeko ez dela erlojuari begira egon behar.
Denbora jaisten hasteko asko entrenatu behar da. Aurrerapenak nabaritzeko denbora behar da, eta oinetakoak jarri eta antxintxika egin behar da. Ezin zara denborari begira egon: gaur euria da, gaur elurra da...
Maratoi bat egiterako orduan zer da zuretako gogorrena?
Burua, duda barik. Edozein momentutan minarekin has zaitezke... eta buru gogorra ez baldin badaukazu... Aurtengo maratoia, adibidez, bukatu dut buru gogorra naizelako.
Oso garrantzitsua da, baita, norberak bere erritmoa hartzea. 11 kilometroko lasterketa batean, zure ahalmenetik gora joan arren, helmugara iritsiko zara. Baina, 42 kilometroko lasterketa batean behar baino azkarrago hasi ezkero, 15. kilometrorako ezinean joango zara. Oso garrantzitsua da ondokoari ez jarraitzea. Nire helburua beti izaten da helmugara iristea.
Politena, ostera, zer da?
Donostiako maratoian, adibidez, giroa oso ona da. Jende mordoa egoten da bide bazterrean lasterketa ikusten. Jendeak animatu egiten zaitu; izan ere, horrenbeste jende dago beti ezagutzen zaituela norbaitek.
Maratoian bi emakume etiopiarrek parte hartu zuten, eta gainera, irabazi.
Bai, baina esan behar da Ana Caseresekin ez zirela ondo portatu. Esan zuten 10 kilometro bakarrik egingo zituztela, eta Ana Casarek atzetik zioan. Baina etiopiarrak ez ziren geratu eta 25. kilometroan ihes egin zuten. Besta maila bat dute, izugarri onak dira.
Zigarrolako Gimnasioan egiten duzu lan, eta ikasketak ere kirolaren inguruan egin dituzu.
Bai, txikitan hasi nintzen gimnasioan, amak esanda. Egia esan, beti ibili izan naiz kirola egiten baina ez naiz fanatikoa. Nire burua zaintzen dut baina zerbeza bat hartzen dut, edo afaltzerakoan hartzen dut ardotxo bat. Tafyd ikasketak egin nituen Arrasaten, eta spinnig ikastaroak ere hartu ditut.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.